Gizartea -
Jaurlaritzaren dekretua
Desfibriladoreak jarriko dituzte merkataritza eta hezkuntza zentroetan
Eusko Jaurlaritzak, Osasun Sailak proposatuta, dekretu berri bat onartu du gaur, kanpoko desfibriladore automatikoak eta erdiautomatikoak ipintzea eta erabiltzea arautzeko.
Erredakzioa
Desfibriladoreak jarriko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat puntutan, tartean merkatzaritza-gune handietan, aireportu eta portuetan, autobus- eta tren-geltokietan edota hezkuntza-zentroetan.
Eusko Jaurlaritzak, Osasun Sailak proposatuta, dekretu berri bat onartu du gaur, kanpoko desfibriladore automatikoak eta erdiautomatikoak ipintzea eta erabiltzea arautzeko. Osasun arlotik kanpoko erabilera publikoko espazio jakin batzuetan horiek nahitaez ipini beharko dituzte.
Xede nagusia, osasun esparrutik kanpo desfibriladoreen erabilera bultzatu eta erraztea izango da. “Araudi berriari esker, pertsona bati bihotza eta arnasa gelditzen bazaizkio, aukera handiagoa izango du bizirik irteteko; eta, horrez gain, beharrezkoa izango da desfibriladore automatikoak eta erdiautomatikoak edukitzea pertsona asko biltzen diren tokietan”, adierazi du Jon Darpon Osasun sailburuak.
Osasun arlotik kanpoko langileek erabili ahal izango dituzte desfibriladore horiek, Osakidetzaren larrialdi-zerbitzuek lagunduta.
Dekretuak desfibriladoreak honako toki hauetan ezartzea xedatzen du:
- Merkataritza-establezimendu handietan, banako eta kolektiboetan.
- Merkataritzako aireportu eta portuetan, 50.000 biztanletik gorako udalerrietako autobus- edo tren-geltokietan, eta batez beste gutxienez 2.000 lagun egunero biltzen dituzten metro-, tren- edo autobus-geltokietan.
- Establezimendu publiko, instalazio, ikuskizun eta jolas-jardueretan, 700 pertsona edo gehiagorentzako tokia baimenduta badute.
- 2.000 pertsona edo gehiagorentzako tokia duten hezkuntza-zentroetan.
Egun, Euskadin 550 kanpoko desfibriladore automatiko daude erroldatuta. Osakidetzaren Larrialdi Zerbitzuak aztertutako azken datuen arabera, urtebetean, 2013ko abuztuaren 1etik 2014ko uztailaren 31ra bitartean, 150 aldiz erabili behar izan dute horrelako bat.