Gizartea -
Turismoa
Donostia 2016 eta Inaziotar Bidea, Euskadiren izarrak Fiturren
Frantziako, AEBko, Erresuma Batuko eta Alemaniako turistak erakartzen saiatuko da Eusko Jaurlaritza.
Erredakzioa
Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburua eta Inaziotar Bidea izango dira aurten Euskadik Fitur turismo azokan sustatuko dituen proiektu izarrak. Azoka gaur inauguratu dute Madrilen eta bertan izan dira Itziar Epalza Merkataritza eta Turismo sailburuordea, Mertxe Garmendia Turismo zuzendaria eta Arantza Madariaga Basquetour Euskal Turismo Agentziaren burua.
Inaziotar Bidea Euskadi eta Katalunia lotzen dituen bidea da, Loiolako Ignaziok 1522an egin zuen erromesaldiarena. Jaurlaritzak nabarmendu duenez, turismo kultural-erlijiosoa eta bideak zeharkatzen dituen eskualdeak biziberritzea dute helburu. Hala, Basquetourrek, Jesusen Konpainia eta hainbat erkidego lagun, Loiolatik Manresara doan ibilbidea egituratu du, erromesen mesederako.
Donostia 2016 izango da Jaurlaritzaren beste izarra. Turismo Zuzendaritzaren arabera, "herrialde proiektu honek nazioarteko bultzada emango dio Basque Country markari eta datorren urtean Europako hiriburu kultural bilakatuko du Euskadi".
Jaurlaritzak ohar batean azpimarratu duenez, Europako "erakusleihoa" izango da Euskadi 2016an. Hitzordua "merkatu ezberdinen enbaxadoreak erakartzeko" aprobetxatuko du.
"Gero eta ezagunagoa"
Standaren aurkezpenean Itziar Epalza Turismo sailburuordeak agertu duenez, Euskadi "gero eta ezagunagoa da nazioarte mailan" eta turismoak utzitako diru-sarrerak gero eta handiagoak dira.
Jaurlaritzaren asmoa, Epalzaren esanetan, "Basque Country marka indartzea" da, inguruko helmuga turistikoetatik ezberdinduta.
Hala, Frantziako, AEBko, Erresuma Batuko eta Alemaniako turistak erakartzen saiatuko da Eusko Jaurlaritza.