Gizartea -

Borja Lazaro

Borja Lazaro bilatzeko harremanak erraztuko dizkie Espainiak senideei

Desagertutako gazte gasteiztarraren anaia kezkatuta agertu da haren kasuan berritasunik ez dagoelako, eta Borja Lazaro bilatzen jarraitzearen garrantzia azpimarratu du.

Borja Lazaro. Argazkia: EiTB
Borja Lazaro. Argazkia: EiTB
Borja Lazaro. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Mendez de Vigo Europar Batasunerako Espainiako Estatu idazkariak Borja Lazaroren desagerpenarenganako interesa erakutsi du, eta senideen eta Espainiak Kolonbian eta Venezuelan dituen enbaxaden arteko kontaktua errazteko asmoa agertu du, harremana arinagoa izan dadin.

Ana Herrerok eta Sergio Lazarok, Borja Lazaroren amak eta anaiak bilera egin dute gaur Gasteizen, Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiarekin eta Iñigo Mendez de Vigo Estatu idazkariarekin; ahaldun nagusiak bultzatu du bilera Espainiako Gobernuaren ordezkaria Arabako hiriburuan zegoela baliatuta.

Borja Lazaro, lanbidez ingeniaria eta argazkilari afizionatua, 2014ko urtarrilaren 7tik 8rako gauean desagertu zen Kolonbiako Cabo de la Vela herrian. Gasteiztarra argazki erreportaje bat egiten ari zen kostaldeko herri horretan, eta arrastorik utzi gabe desagertu zen.

Espainiako Gobernuko ordezkariarekin izandako bileraren ostean, Borja Lazaroren senideek prentsaurrekoa eskaini dute. Azaldu dutenez, Estatu idazkariak eta Atzerri Ministerioak kasuarekiko interesa agertu die. Bestalde, Borja Lazaroren anaiak adierazi du ez dagoela berritasunik kasuan.

Sergio Lazarok baieztatu du Mendez de Vigok adierazi diela "konstantziaz" ari direla lanean eta Kolonbiako ikerketa gainbegiratzen ari direla.

Desagertutako gazte gasteiztarraren anaia kezkatuta agertu da haren kasuan berritasunik ez dagoelako, eta Borja Lazaro bilatzen jarraitzearen garrantzia azpimarratu du, kasua ahanzturan eror ez dadin.

Borja Lazaroren amaren esanetan, Estatu idazkariak familiaren eta Kolonbiako enbaxadaren arteko kontaktua errazteko asmoa asmoa agertu die, Kolonbiako enbaxadarekin harremana arinagoa izan dadin.

Amaitzeko, eskerrak eman dizkio Javier de Andresi bilera hitzartzeagatik eta, Estatu idazkariari, beraiekin bilera egiteagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea