Gizartea -

Bilera

Elkarrizketa Sozialerako Mahaia, errelebo kontratuak sustatzearen alde

Diru-sarrerak bermatzeko errentari eusteko adierazpen bat adostu dute. ELAk eta LABek osatzen duten gehiengo sindikalak ez du bileran parte hartu.

Juan Maria Aburto Enplegu eta Gizarte Politika sailburua. Argazkia: EiTB
Juan Maria Aburto Enplegu eta Gizarte Politika sailburua.
Lan harreman eredu propioaren alde elkarrizketa sozialaren mahaia

0:47

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Langabezian dauden eraikuntza sektoreko langileei lana emateko eraikinen birgaitzea sustatzea, gazteei lana emateko errelebo kontratuak bultzatzea eta udal mailan egiten diren kontratazioen % 15 55 urtetik gorako langabeei bideratzea adostu du Elkarrizketa Sozialerako Mahaiak. EAEn lan-harreman eredu berri batekin amaituko den prozesu bat abiatzea ere onartu du. Era berean, diru-sarrerak bermatzeko errentari eusteko adierazpen bat sinatu dute.

ELAk eta LABek osatzen duten gehiengo sindikalak ez du bileran parte hartu.

Gazteen langabeziari aurre egite aldera, errelebo kontratuak sustatzeko akordioa egin dute, eta eraikuntza sektorea babesteko, bi milioi gehiago bideratuko dituzte eraikinak birgaitzeko laguntzetara.

Jaurlaritza, bertaratu diren sindikatuak (UGT eta CCOO) eta patronala EAEko Diru-sarrerak Bermatzeko Sistemaren alde agertu dira, pobrezia larrian daudenen kopurua % 3ra murriztea lortu duelako, Espainiako Estatuko batez bestekoaren herenera, hain zuzen ere.

Juan Maria Aburto Enplegu eta Gizarte Politika sailburua izan da Jaurlaritzaren ordezkaria batzarrean, Arantxa Tapia Garapen Ekonomikorako sailburuarekin batera, eta egungo sistemak egoera ekonomiko txarrenean daudenei laguntzeko egindako ekarpenari behar den bezalako garrantzia eman behar zaiola azpimarratu du.

Horren harira, Miguel Angel Lujua Confebask patronalaren presidenteak EAEko babes sozialerako sistema txalotu du, eta horren "marketina" egiteko beharra aldarrikatu du. Hala, "baztertutako pertsonei arreta eskaini gabe" ezin dela "gizarte orekaturik eduki" esan du.

Raul Arza UGT Euskadiren idazkari nagusiak esan du akordioa ez doala "inoren kontra", eta "ahulenen aldeko" neurria dela. Unai Sordo CCOOren buruak, berriz, "inor bazterrean utziko ez duen" gizarte eredu bati eustearen garrantzia azpimarratu du.

Aburtok, ELA eta LAB aipatu ez baditu ere, gehiengo sindikala falta izan dela hartu du hizpide. Sailburuak esan du ez duela "ulertzen" foro horretan parte hartzeari uko egitea eta, "konfrontazio" jarreren gainetik, gaurko bilerak "elkarrizketa posible" egiten duela uste du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea