Gizartea -

Denboralea Euskal Herrian

Euria arazoak sortzen ari da, eta hainbat ibaik gainezka egin dute

Euri-zaparradek arazoak sortu dituzte, batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan. Uholdeak izan dira bi lurralde historiko horietan. Nafarroan eta Araban, ibaien emaria ez da hain kezkagarria.

Bizkaia: Uholdeak eragin dituzte Ibaizabalek, Cadaguak eta Butroek

2:07

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euritea arazo handiak sortzen ari da, batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan. Bi lurralde horietan uholdeak izan dira. Araban, ostera, ibaien emaria ez da hain kezkagarria.

Babes zibileko eta udaletako langileak ibaiak zaintzen ari dira minutuz minutu. Bizkaian, Cadagua ibaiak gainezka egin du Gueñesen, Alonsotegin, Balmasedan eta Zallan. Horrela, etxera sartzerik ez duten bizilagunentzako oheak prestatu ditu Zallako Udalak herriko zineman.

Gueñesen, errepidea itxi behar izan dute Zaramillon, Soduperako bidean, bi tokitan. Ostatu eta hotel batean logelak prestatu ditu Udalak, etxetik irten behar izan duten herritarrentzat.

Era berean, Ibaizabal ibaiak gainezka egin du Galdakaon eta Etxebarrin. Adineko lau pertsona zahar-etxetik atera behar izan dituzte Galdakaon.

Gainera, Arratia ibaiak gainezka egin du, eta Artean zenbait ibar hartu ditu urak. Bizkaian, gainerako ibaien emaria ere kezkagarria da. Horrela, zenbait errepide itxi behar izan dituzte ur putzu handiak direla eta, Erandion esaterako.

Bilbon, Udaltzaingoa Ibaizabal zaintzen ari da, oso hazita datorrelako. Itsasadarrak gauean gainezka egitea espero du Bilboko Udalak. Horregatik, ibilgutik gertu aparkaturik dauden ibilgailuak kentzea eta hiriko zonalde garaietara eramatea eskatu du Udalak.

Areatza, Pio Baroja, Albia Dorreak, Izozaki, IMQ eta Zubiarteko aparkalekuetatik autoak ateratzea gomendatu du Udalak. Etxebarria parkean ibilgailuak uzteko zonalde bat prestatu du Udalak.

Cadagua ibaia

Cadagua ibaia Guñesen. Argazkia: Iñaki Campo

Gipuzkoa

Gipuzkoan, egoerak okerrera egin du arratsaldean eta zonalde konkretuetan ibai batzuk gainezka egin dute. Debako arroan alerta gorria dago Oñatin, eta alerta laranja San Prudentzion eta Altzolan.

Oriaren eta Urumearen ur-emaria oso handia da. Horrela, Urumeak 4,41 metro hartu ditu Martutene auzoan.

Euri-zaparradek ur putzuak sortu dituzte eta lur-jausiek N-634 errepidea ixtera behartu dute Mendaron.

Bestalde, merkantzia tren bat errailetik atera da 19:30ean, Zumarragan. Renfek zerbitzua ordubete eten behar izan du Zumarraga eta Gabiria artean. Merkantzia arriskutsurik ez zeraman trenak, eta gidaria bidaiari bakarra zen. Tren-gidaria onik atera da.

Araba

Araban, prezipitazioek ez dute hainbeste arazo sortu eta larunbatean bota dezakeen elurra kezka nagusia da. Hala ere, Luiaondo, Gardea eta Okondo arroetan uholdeak izan dira. Era berean, Baia ibaiak gainezka egin du Izarra eta Zuhatzu Kuartango artean.

Gainera, Uribarri Ganboako urtegia husten ari dira, segundoko 40 metro kubiko, euria egiten jarraitzen baldin badu ura hartzeko gaitasun handiagoa izateko.

Nafarroa

Azkenik, Nafarroako Gobernuak alerta maila “0 egoeran” jarri du arratsaldean, Arakil eta Arga ibaien arroetan; izan ere, Nafarroan espero baino euri gehiago bota du.

Larrialdi zerbitzuak Baztan-Bidasoa eta Ega arroak zaintzen ari dira, baina Arakil eta Arga arroak baino ur-emari txikiagoak dituzte. Uholde Arrisku Plan Berezia martxan jarri dute goizean.

Era berean, Iruñeko Udalak larrialdi maila igo du Argaren ur-emariak gora egin eta gero. Segundoko 200 metro kubikoko ur-emaria zuen Argak arratsaldean, hiriburuan.

Nafarroako errepide nagusietan normaltasuna zen nagusi 20:00ak arte, Landabenen salbu. PA-30etik Landaben industrialdera sartzeko bidea itxita dago Arga ibaiak gainezka egin duelako. Zuriainen, N-135 errepidean (Iruña-Frantzia Luzaidetik) , arazoak daude uholdeengatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Bizkaiko albisteak Nafarroa gaur Araba Denboraleak Uholdeak Euskal Herriko ibaiak