Gizartea -
Candanchu
Elur-jausi batean harrapatutako bizkaitarraren hilotza aurkitu dute
39 urteko elorriarra elur-jausi baten azpian harrapatuta zegoen larunbataz geroztik, Candanchun.
Erredakzioa
Elur-jausi baten azpian harrapatutako eskiatzaile elorriarraren hilotza aurkitu dute gaur Candanchun. Guardia Zibileko erreskate talde batek eta eski-estazioko langileek gizonezkoaren gorputza aurkitu dute, elurra kentzeko makinak erabilita, zonaldera iritsi ostean.
E.B.T. 39 urteko elorriarra, elur-jausi batean harrapatuta gelditu zen atzo Candanchun. Ezbeharra La Rinconada zonaldean gertatu zen, eskiatzaileentzat itxita zegoen gune batean. Istripuaren unean hildakoarekin batera zihoan F.M.L.M. Ariatzako 47 urteko gizonezkoa ere elur azpian harrapatuta gelditu zen, baina erreskate taldeek onik atera zuten.
Huescako Guardia Zibileko Komandantziako buru Vicente Reigek eta Gobernuko ordezkari Teresa Lacruzek aurkikuntzaren berri eman dute prentsaurreko batean.
Reigek azaldu duenez, eskiatzaileek ez zeramatzaten geobilagailurik, eta Candanchuko zonalde "itxi" batean jazo zen elur-jausia, mendia "publikoa" bada ere.
Elur-jausiaren ondorioz, elurrak hiru metroko lodiera zuen, eta elur-jausia gertatu zen lekutik 40 metrora agertu da elorriarraren hilotza, Candanchuko eski-estazioak azaldu duenez.
Bestalde, gorpua Jacako ospitalera eraman dute jada eta astelehen honetan egingo diote autopsia.
Erreskate konplikatua
Igande goizean, eskiatzaileak elur-jausi baten azpian harrapatuta jarraitzen zuen. Atzo arratsaldean, bertan behera geratu zen bilaketa, argi faltagatik eta elurbizi gehiago izateko arriskuagatik.
Elur-jausia La Rinconada zonaldean
Ezbeharra La Rinconada gunean jazo zen, hain zuzen ere, larunbatean eskiatzaileentzat itxita zegoen gune batean.
Guardia Zibilak 15:30ean jaso zuen abisua, bi eskiatzaile elurbizi batean harrapatuta gelditu zirela eta.
Guardia Zibileko agenteak, lur-jausietan aditua den Panticosa taldeko txakur-gidari batek eta Candanchuko eski-estazioko hainbat langilek eskiatzaileetako bat erreskatatzea lortu zuten. Hipotermia zantzuekin Candanchuko ospitalera eraman zuten, baina egonkor dago.
Itxita daude Astungo, Candanchuko, Formigalgo eta Panticosako eski estazioak
Astungo, Candanchuko, Formigalgo eta Panticosako eski estazioak itxita daude igande honetan, elur denboralea eta elur-jausiak izateko arriskua tarteko. Aramon Taldeak ohar bidez jakinarazi duenez, Tena bailaran, Formigal-Panticosan, elurraren-maila metro eta erdikoa zen.