Gizartea -

Lana eskaintzen zieten

Errumaniar emakumeak esplotatzeko sare bat desegin dute Alacanten

Poliziaren arabera, taldearen aginduak bete ezean, eraso, jazarri eta mehatxu egiten zieten prostituitzera behartzeko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Polizia Nazionalak gaizkile talde bat desegin du Alacanten, Errumaniako emakumeak sexualki esplotatzea egotzita. Taldeak lan-eskaintza faltsuak egiten zizkieten eta, ondoren, errepide eta klubetan prostituitzera behartzen zituen. Guztira, bost pertsona atxilotu dituzte.

Sareak El Vergel (Alacant) eta Oliva (Valentzia) herrien arteko errepidean jarduten zuten neska talde bat kontrolatzen zuen. Poliziak biktimetako lau askatu ditu operazioan, Polizia Nazionalak ohar bidez zabaldu duenez.

Atxilotutako bost kideek (espainiarrak dira guztiak) ostalaritzan lan egiteko lan-eskaintza faltsuak egiten zizkieten emakumeei Errumanian, eta baiezkoa ematen zietenean, Alacant probintziako klubetara eramaten zituzten.

Bertan, Poliziaren arabera, taldearen aginduak bete ezean, eraso, jazarri eta mehatxu egiten zieten prostituitzera behartzeko .

Errumaniako bikote batek jarritako salaketa batek abiarazi zuen ikerketa, Poliziaren esanetan. Espainiar batek Errumanian topatu zuen bikotea, eta lan faltsu bat eskaini zion. Espainiara heldutakoan, Alacantera eraman zituen eta, janaria eta lo egiteko leku bat eman ostean, bidaiaren benetako asmoak jakinarazi zizkion; bidaiak eragindako gastuak ordaindu arte, emakumeak klub batean prostituitu behar zuela esan zion bikoteari.

Bikote horretako emakumeari eraso, jazarri eta heriotza-mehatxuak egin zizkioten, taldearen aginduak beteko zituela bermatzeko, Poliziaren hitzetan.

Emakumearen bikotekidea ere jazarri zuten, eta lapurreta txikiak egitera behartu zuten. Horrela lortutakoa, gainera, taldeko buruzagiari eman behar izan zion.

Polizia Nazionalak egindako ikerketari esker jakin zutenez, taldeak bi klub zituen El Vergelen (Alacant), eta bertan esplotatutako ia emakume guztiak errumaniarrak ziren.

Horrez gain, taldeak kalean jarduten zuten neska talde bat ere kontrolatzen zuen, El Vergel eta Oliva udalerriak lotzen dituen errepidean, eta asteko kuota eskatzen zien errepidean lan egiteagatik. Ordainketak garaiz egin ezean, gainera, interes handiak ezartzen zizkien, % 30erainoko interesak.

Operazioa Poliziaren Mugetako eta Atzerriko Bulego Nagusiaren parte den Gizakien Trafikoaren kontrako Brigada Zentraleko agenteek egin dute, Alacanteko eta Valentziako UCRIFen eta Alacanteko eta Deniako Hiri Segurtasuneko Brigadekin batera.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Delituak albisteak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Albisteak Eraso sexualak gaur Valentzia albisteak