Gizartea -
Hizkuntza eskubideak
Enpresen % 22 bakarrik euskaraz zerbitzua emateko kapaz dira
Hala ere, sektoreen arteko aldeak handiak dira; izan ere, bankuen % 50ek araudia betetzen dute. Supermerkatuen kasuan, ostera, % 1ek soilik betetzen dute.
Erredakzioa
Euskadiko enpresa pribatuen % 22 soilik euskaraz eta gazteleraz zerbitzua bermatzeko gai dira. Hala ere, sektoreen arteko aldeak handiak dira; izan ere, bankuen % 50ek araudia betetzen dute. Supermerkatuen kasuan, aldiz, % 1ek soilik betetzen dute.
Kontsumitzaile eta bezeroen hizkuntza eskubideen inguruko dekretuaren emaitzak aurkeztu ditu gaur Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Eusko Legebiltzarrean.
EAEko sektore pribatuak dekretua “erdizka” betetzen du, Baztarrikak aurkeztutako txostenaren arabera. Enpresen % 22 soilik betetzen du legedia.
Hala ere, datuak oso ezberdinak dira sektore bakoitzean: bankuen artean, entitateen % 50ek araudia betetzen dute, eta saltoki-kateen % 35,3k gauza bera egiten dute. Bi horien atzetik garraioak (% 25,5), posta eta telekomunikazioak (% 16,7), energia (% 7,1), merkataritza-guneak (% 3) eta supermerkatuak (% 1).
Hobetzeko tartea
“Oraindik hobetzeko tarte handia dago”, onartu du sailburuordeak. Hala ere, azken urteetan “aurrerapausoak” eman dituztela uste du Baztarrikak.
Bestalde, Alokabide, Visesa edo Lanbide bezalako erakunde publikoen ere egoera aztertu du txostenak. Esparru publikoan, araudia askoz gehiago betetzen dela goraipatu du sailburuordeak.