Gizartea -
Minbizia duten Haurren Eguna
Minbizia duten haurren % 70 senda daitezke
Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, diagnostiko goiztiar batekin eta tratamendu-protokolo egokiekin, minbizia gainditu daiteke.
Erredakzioa
Minbizia duten haurren % 70 senda daitezke, "diagnostiko goiztiar batekin eta tratamendu-protokolo egokiekin", Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, igande honetan ospatzen den Minbizia duten Haurren Nazioarteko Egunaren harira, zabaldutako informazioaren arabera.
14 urtetik beherakoen artean tumoreak dira hirugarren heriotza-kausa, afekzio perinatalen eta sortzetiko malformazioen ondoren. Halaber, 0 - 14 adin tartean heriotza-tasaren % 13 da.
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Minbiziaren Erregistroko azken datuen arabera, 2011. urtean haurren 38 minbizia kasu antzeman ziren: 23 mutil eta 15 neska. Guztira, EAEn urte horretan antzeman ziren minbizia kasuen % 0,29 izan zen.
Haurren tumore txarrak, batez ere, 1-4 adin tartean biltzen dira eta, ohikoenak, leuzemiak izaten dira; izan ere, guztira 18 kasu antzematen dira (kasu guztien % 47). Leuzemiaren atzetik, NSZko tumore txarrak datoz (% 13).
Eusko Jaurlaritzak ohar batean azaldu duenez, tumore txarren intzidentzia egonkor mantendu da azken hamarkadan. Bien bitartean, epe berean, tumoreengatik izandako heriotza-tasa jaitsi egin da. "Horrek guztiak adierazten du biziraupena igo egin dela", adierazi du Jaurlaritzak.
Haurren tumore ohikoenaren kasuan, leuzemia linfoblastiko akutuaren kasuan, EAEk parte hartu duen eta 2005 – 2009 aldian diagnostikatutako kasuekin egindako CONCORD azterketaren arabera, leuzemia hori diagnostikatu ondorengo 5 urteetako biziraupen garbia % 83koa izan zen. Jaurlaritzaren arabera, horrek esan nahi du biziraupena urtean ia puntu bat hobetu zela aurreko hamarkadan lortutako biziraupenarekiko (hamarkada horretako biziraupena % 74koa izan zen).
Euskadin, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean, Basurtoko Ospitalean, eta Donostiako Unibertsitate Ospitalean umeen onkologia unitateak daude. Bestalde, BioCrucesek ikerketa talde bat dauka umeen onkologiari buruzko lanak egiten dituena.