Gizartea -

Neurri aitzindaria

Dibortzioetan aitatasun-frogak egiteko aukera eskura, Erresuma Batuan

Bikotekideen arteko ika-mikek dibortzio-prozesuak amaigabe luzatzen dituzte eta neurri honekin, hori saihesteko modua edukiko dute epaileek.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erresuma Batuko familia auzitegiek aitatasun-frogak egiteko eskumena izango dute irailetik aurrera, bikotekideen artean izan daitezkeen ika-mikek dibortzio-prozesuak luza ez ditzaten. Neurria Simon Hughes Justizia estatu idazkariak iragarri du.

Gobernuak eskumen hori emango die epaileei, aitatasunaren inguruko liskarrek dibortzio auziak luzatu eta seme-alaben sufrimendua areagotzen dutela ikusita. "Umeak tarteko dituzten auziak ahalik eta arinen konpondu behar dira, eta ahal dela, epaitegietatik kanpo konpondu behar dira ", agertu du Hughesek.

"Dena dela, auzia epaitegietara heltzen denean, aldeek akordioa lortu beharko lukete, umeek sufritu ez dezaten", adierazi du politikari demokratak.

Neurria irailetik aurrera izango da indarrean, eta urtero milioi bat libera (1,3 milioi euro) bideratuko du Gobernuak.

Gurasoak seme-alabak zaintzeko egokiak diren ebazteko droga eta alkohol frogak ere eskatzeko beste programa-pilotu bat du martxan Erresuma Batuko Gobernuak, baina kasu honetan, emaitzak ez dira horren onak izan eta, oraingoz, ez dute horretarako diru-partida berezirik bideratuko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Erresuma Batua bideoak