Gizartea -
Txagorritxu ospitalean
Bi pazienteri musu ematen saiatzeagatik mediku bat zigortu dute
Sexu-abusu bi delitu egotzi dizkio sententziak, eta lau urteko espetxe-zigorra ezarri dio. Medikua bularrak ukitu zizkien eta zirri egiten saiatu zen. 4.000 euroko kalte-ordaina eman beharko die.
Erredakzioa
Barneko mediku egoiliar (BAME) bati lau urteko kartzela-zigorra ezarri dio Gasteizko epaitegi batek, bi emakumeri bularrak ukitzeagatik eta musu ematen saiatzeagatik. Bi emakumeak Txagorritxu ospitaleko larrialdi zerbitzuan artatu zituen zigortuak.
Gainera, ezin izango du datozen laur urteetan medikuntzan aritu eta biktima bakoitzari 4.000 kalte-ordaina eman beharko dio. Osakidetzak kalte moralen erantzukizun subsidiarioa duela erabaki du auzitegiak.
Osakidetza “larrialdietan emakumeak artatzeko araudi etikoa” bermatzeko kapaz izan ez dela uste du epaitegiak eta horregatik erantzukizun subsidiarioa inposatu dio. Gainera, “bi delituak ospitalean” gertatu zirela gogorarazi du sententziak.
Arabako lurralde-auzitegiaren aurrean apelazio helegitea aurkeztu du defentsak. Hala ere, medikuak sexu-abusu bi delitu egin dituela frogatutzat jo du epaiak.
2012ko azaroak 17
Ebazpenaren arabera, aurreneko delitua 2012ko azaroaren 17an egin zuen medikuak. Lapurreta baten biktima bati miaketa egin zion. Medikua 2011ko maiatzean hasi zen lanean, Txagorritxun.
Nahiz eta ohiko azterketa bat izan, medikuak emakumeari elastikoa kendu eta bi bularrak eskuekin ukitu zizkion. Gainera, minigona jaitsi zion eta musu bat ematen saiatu zen.
2013ko otsailak 4
Bigarren abusua 2013ko otsailaren 4an gertatu zen, ospitaleko larrialdi zerbitzuan. Oka ari zen emakume bat artatu zuen medikuak, 21:30ean.
Kasu honetan, medikuak bularrak ukitu zizkion, bere ileari eta depilazioari buruz hitz egin zion eta pubiseko ileak nola zituen ikusteko azpiko arropa kendu zion. Gainera, musu ematen saiatu zen.