Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Gizon bat atxilotu dute Gasteizen, bikotekidea kolpatzeagatik
Erasoa Zaramaga auzoko etxebizitza batean egin zuen gizonak, bikotearen semea aurrean zegoela.
Erredakzioa
30 urteko gizonezko bat atxilotu dute Gasteizen bikotekidea kolpatzeagatik, Udaltzaingoak ohar batean jakinarazi duenez.
Iturrion arabera, bikote bat eztabaidan zegoela eta ume baten negarrak entzuten zirela eta, Udaltzaingoari abisua eman zioten Zaramaga auzoko etxebizitza-eraikin bateko bizilagunek.
Hara heltzean, emakumea eta umea manta baten azpian topatu zituen agenteek, hankaz gora zegoen logela batean. Biktimak kolpeen markak zituen aurpegian eta zauriak gorputzeko hainbat tokitan.
Hori ikusita, agenteek gizonezkoa atxilotu eta polizia-etxera eraman zuten, emakumeen kontrako indarkeria egotzita. Emakumea etxebizitzan geratu zen, ez baitzuen ospitalera joan nahi izan.