Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Hiru emakumeri sexu-abusuak egin dizkiete asteburuan Bizkaian

Getxon, Bilbon eta Durangon egin dituzte erasoak. Ertzaintzak ez ditu erasotzaile guztiak atxilotu oraingoz.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hiru emakumeri sexu-erasoak egin dizkiete asteburu honetan Bilbon, Durangon eta Getxon.

Lehen erasoa ostiral gauean jazo zen, Bilbon. Hain zuzen ere, Bizkaiko hiriburuan bizi den 20 urteko emakumezko estatubatuar bati egin zion eraso gizonezko batek, biktima etxean sartzen ari zela.

Erasotzaileak atariaren barrura bultzatu zuen andre gaztea, eta abusuak egin zizkion bertan.

Bestalde, Durangon, gizonezko talde batek emakume bati eraso zion larunbat gauean, Landako gunean.

23:30ean, hainbat gizon gerturatu zitzaizkion, inguratu egin zuten, eta horietako batek ukituak egin zizkion.

Hirugarren kasua igande goizaldean gertatu zen, Getxon. Bertan, bikotekide batzuei eraso zieten: gizonari kolpeak eman zizkioten, eta emakumeari abusuak egin zizkioten. 31 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Ertzaintzak eraso horrekin lotuta, eta beste bat inputatu.

Berdintasun arloan atzera egiteko arriskua

Testuinguru honetan, Emakumeen Nazioarteko Eguna izateko gutxi falta den honetan, berdintasun alorrean atzera egiteko "arriskua" dagoela salatu du Emakundek. "Alerta pizteko zantzu nahikoak atzeman ditugu", gaineratu du.

Atzerapauso horien adibide gisa, krisi ekonomikoen ondorioak, gazteek bikotekidea kontrola dezaketela pentsatzea eta publizitatean neskatoak sexualizatzea aipatu ditu.

Martxoaren 8ko kanpainak "Berdin gehiago da" izenburua izango du aurten ere, eta "Gizartea aurrera doa berdintasunerantz, ez dezagun atzera egin" aldarria.

Gaur emango diote hasiera kanpainari, eta martxoaren 13ra arte iraungo du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo berriak Tratu txarrak gaur Getxo albisteak