Gizartea -
Emakumeen kontrako indarkeria
Gizon bat atxilotu dute Gasteizen, bikotekideari eraso egin ondoren
21 urteko gizasemeari bi delitu egotzi dizkiote: emakumeen kontrako indarkeria eta agintaritzaren aurkako atentatua (atxilotzera joan den ertzainari eraso dio).
Erredakzioa
21 urteko gizonezko bat atxilotu dute gaur goizaldean Gasteizen, bikotekideari ustez eraso egiteagatik.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar batean jakinarazi duenez, emakumeen kontrako indarkeria delitua egozteaz gain, agintaritzaren aurkako delitua ere leporatu diote, atxilotzera joandako ertzain bati ere eraso diolako.
Iturrion arabera, 03:00ak aldera jazo da erasoa, Arabako hiriburuko Salburua auzoko kale batean. Eraso matxista bat egon zitekeela ohartarazita bertaratu diren ertzainek kale erdian topatu dute biktima, aurpegian kolpeak jaso izanaren arrastoak zituela. Emakumeak agenteei azaldu dienez, trasteleku batean eraso dio gizonezkoak, eta kalera irten da laguntza eskatzera. Emakumea ospitalera eraman dute.
Agenteek handik gertu topatu dute ustezko erasotzailea. Segurtasun Sailaren arabera, ertzainak identifikatzera joan zaizkionean, uko egin dio bere burua identifikatzeari eta eraso egin dio agente bati.
Azkenean, bi delitu egotzita atxilotu dute: emakumeen kontrako indarkeria eta agintaritzaren aurkako atentatua.