Gizartea -
Lapurretak Bilbon
Adineko emakumeei lapurreta egiten zien gizonezko bat atxilotu dute
Biktimak etxebizitza atarietan harrapatu eta igogailuan sarrarazten zituen, laban batekin mehatxu eginez, dirua kentzeko.
EITB.EUS
Ertzaintzak 46 urteko gizonezko bat atxilotu du gaur Bilbon, otsailean adineko sei emakumeri bortxaz egindako lapurreten egilea delakoan.
Polizia autonomikoak EITBri jakinarazi dioenez, biktimak etxebizitza atarietan harrapatu eta igogailuan sarrarazten zituen, mehatxupean, dirua kentzeko. eitb.eus-ek lapurreten uneko argazkiak eskuratu ditu.
Bilboko Maria Diaz de Haro eta Biarritz kaleetan egindako bi lapurreten berri izan zuen Ertzaintzak otsailaren 12an. Bietan jarduteko modu bera izan zuen gaizkileak. Gizonezko batek adineko emakumeak etxebizitza atarietan harrapatu, eta aitzakia ezberdinak erabilita, igogailuan sarrarazi zituen. Barruan zirenean, gizonezkoak laban handi bat atera eta mehatxu egin zien, dirua eskatuz.
Handik bi egunera, tankerako beste bi lapurreta izan ziren Dolores Uribarri eta Simon Bolivar kaleetan.
Gainera, otsailaren 14an Simon Bolivar kaleko denda batean ostu zuen gizonezko batek, adinekoei lapurreta egin zien gizasemearen ezaugarri berak zituena. Biharamunean, Avila kalean antzeko gertakari bat izan zen.
Salatutako lapurreta guztietan, gaizkileak erabilitako armak eta haren itxura fisikoak bat egiten zuten eta, beraz, lapurreta guztiak pertsona berak egin zituen susmoa hartu zuen Ertzaintzak hasieratik.