Gizartea -
Cppdirect.com
Bi minutuan behin sakelako bat lapurtzen dute
Ikerketa baten arabera, zarata handiko lekuak dituzte gogoen lapurrek, eta, kasurik gehienetan, telefonoaren jabearen hutsegite bat aprobetxatzen dute lapurreta egiteko.
Erredakzioa
Urtebetean 279.319 telefono mugikor lapurtu dituzte Espainiako Estatuan; bi minutuan behin, bat. Orain dela bi urteko datuekin alderatuta, % 19 hazi da lapurtutako sakelakoen kopurua. Estatuko Segurtasun Idazkaritzak eman ditu datuok, gaur. Erkidegoka, Madrilen (% 33), Katalunian (% 29) eta Gaztela-Mantxan (% 27) salatu dira sakelakoen lapurreta gehien, Estatuko Abokatutzak jakitera eman duenez.
Emakumeak dira lapurreta gehien pairatzen dituztenak (emakumeen % 28k eta gizonezkoen % 23k jasan dute inoiz). Cppdirect.com taldearen ikerketa baten arabera, aseguru-etxeetan bezeroek egiten dituzten erreklamazioen % 24,44 sakelakoen lapurretekin lotuta daude. Gaur egun, Espainiako Estatuan 56.000.000 telefono mugikor daude, eta herritarren % 44k sakelako telefono adimendun bat du.
Zarata handiko lekuak dituzte gogokoen lapurrek, eta, kasurik gehienetan, telefonoaren jabearen hutsegite bat aprobetxatzen dute lapurreta egiteko: beste zerbait egiteko, telefonoa tabernetako edota dendetako mostradoreetan eta garraio publikoetako eserlekuetan uztea oso arriskutsua da. Batez ere aukera horiek aprobetxatzen dituzte lapurrek telefonoak harrapatzeko.
Telefono asko batera lapurtzeko antolatutako taldeak ere geroz eta gehiago dira, azkenaldian: "ilargiratze metodoa" erabiltzen dute askotan. Hau da, ibilgailu batekin mugikorrak saltzen dituzten saltokien erakusleihoetan sartzen dira, eta segundo gutxian mugikor asko harrapatzen dituzte. Negozio erraza da: mugikorrak erraz saltzen dira merkatu beltzean, batez beste, 250 euroan. Kanpoko herrialdeetara bidali eta bertan saltzea ere erraza da. Hilabete honetan bertan, Guardia Zibilak 25 pertsona atxilotu ditu, "ilargiratze metodoa" erabiliz 23 lapurreta egitea egotzita.
Francisco Canals ziberdelituetan aditua den kazetariak hainbat aholku plazaratu ditu, sakelakoak lapurtzea saihesteko: arretarik ez galdu, ez utzi edozein lekutan, telefonoak blokeatzeko kodeak erabili, ez gorde mugikorretan datu eta irudi pertsonalik, eta segurtasun kopiak egin.