Gizartea -

Genero indarkeria

'Lanbidek tratu txarren biktimei laguntzak ematea oztopatzen du'

Bizkaiko hainbat emakumeen taldek protesta egin dute Emakunderen egoitzaren aurrean, erakundeak Lanbideren jarreraren aurrean duen "pasibotasuna" salatzeko.

Bizkaiko emakumeen taldeek egindako protesta. EFE
Bizkaiko emakumeen taldeek egindako protesta. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko hainbat emakumeen taldek protesta egin dute ostiral honetan Emakundek Gasteizen duen egoitzaren aurrean. Salatu dutenez, Emakumearen Euskal Erakundeak jarrera "pasiboa" du Lanbidek tratu txarrak jasan dituzten emakumeei diru-sarrerak bermatzeko laguntza emateko orduan jartzen dituen oztopoen aurrean.

20 bat lagunek hartu dute parte protestan, babesa agertzera joan den Fede Diaz Arabako SOS Arrazakeriaren bozeramailea tartean zela. "Lanbidek genero indarkeria babesten du" pankarta eskuan, auzi honetan Emakundek izan duen jarrera kritikatu dute. Izan ere, azaldu dutenez, Izaskun Landaida buru duen erakundeak bazuen salaketon berri, baina ez da eurekin biltzeko prest egon, hainbatetan eskatu badiote ere. Atzo, ordea, protesta egingo zela jakin zuenean, bilera egiteko deia egin zien Emakundek.

"Bete ezin diren baldintzak"

Liz Quintana emakumeen taldeko kideetako batek agertu duenez, diru-sarrerak bermatzeko laguntza emateko hainbat baldintza jartzen dizkie Lanbidek genero indarkeriaren biktima izan diren emakumeei, asko betetzeko zailak. Hala, erasotzailearekiko urruntze-agindua eskatua izatea eskatzen die Lanbidek emakumeoi; baina zenbaitetan, ezin da halakorik eduki, epaileari baitagokio hura ezartzea.

Etxebizitzaren Prestazio Osagarria jasotzeko ere baldintza zehatza eskatu ohi dio Lanbidek: jabe diren etxebizitzatik etekin ekonomikoa ateratzen dutela frogatzea (alokairu kontratu bat aurkeztuta, adibidez). Tratu txarrak ematen dien gizonarengandik ihesi, etxea utzi behar duten emakumeek, ordea, ezin dute halakorik egiaztatu utzi behar izan duten etxean bikotekidea bizi delako.

Emakumeen talde hauen aburuz, Lanbidek ez luke urruntze-agindua nahitaez eskatu behar, eta gizarte zerbitzuen balorazioarekin nahikoa izan beharko litzateke diru-sarrerak bermatzeko laguntza emateko.

Etxeko lanak egiten dituzten emakumeak

Genero indarkeriaren biktima diren emakumeak ez ezik, Lanbidek etxeko lanak egiten aritzen diren emakumeak ere diskriminatzen dituela uste dute taldeok. Salatu dutenez, Lanbidek asteko zazpi egunetan, atsedenik gabe, behar egiteko iragarkiak plazaratu ditu.

Horrez gain, etxeko lanak egiteko emakume bat kaleratzean, Gizarte Segurantzan baja borondatezkoa izan dela esan ohi dute enplegatzaileek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Espainian Emakunde Lanbide berriak