Gizartea -
Turismoa
Basquetourrek Bizkaiari 'mesede' egiten diola salatu du Gipuzkoak
Berlingo ITB turismo azokan zokoratu egin zituztela uste dute Aldundiak eta Donostiako Udalak. Jaurlaritzak ukatu egin du Bizkaiari 'mesede-tratua' eman izana.
Erredakzioa
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak salatu dutenez, Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak "mesede" egiten dio Bizkaiari, Gipuzkoaren kaltetan. Bi erakundeen arabera, "mesede-tratu" hori "agerian" geratu zen Berlinen duela astebete egindako ITB turismo azokan, biak ala biak bigarren maila batean geratu zirelako.
Iker Ruiz de Egino Gipuzkoako Turismo zuzendariak eta Josu Ruiz Donostiako turismo zinegotziak prentsaurrekoa eskaini dute Alemanian gertatutakoa salatzeko. Ohartarazi dutenez, Basquetourren kontrako salaketa "ez da kasketa bat, errealitate bat baizik".
"Engainatuta sentitu ginens"
Berlingo ITB turismo azoka arlo horretako munduko garrantzitsuenetakoa da eta 200.000 bisitari izan zituen duela astebete. Bertan gertatutakoa zehetu du Ruiz de Eginok. Haren esanetan, azoka izan baino lehen Basquetourrekin jarri ziren harremanetan Alemanian jarri behar zuten standaren berri izateko eta Donostia 2016 Europako Kultura Hiriburutzaren promozioa adosteko. "Azokan lekua topatzeko zailtasunak izan zituztela esan ziguten eta Bizkaiak erositakoa erabiliko zutela EAEren turismoa sustatzeko", kontatu du.
Gipuzkoako Turismo zuzendariak salatu duenez, Bizkaia eta Bilbo izan ziren standaren "ikurra", Guggenheim Museoaren kanpoaldean dagoen Puppy txakurraren irudia nagusi zela. "Engainatuta sentitu ginen, ikusle hutsak izatera mugatu ginen", azpimarratu du Ruiz de Eginok.
Josu Ruiz zinegotziak nabarmendu duenez, gainera, Donostia 2016 Europako Kultura Hiriburutza aipatu ere ez zuten egin Basquetourreko arduradunek.
Gipuzkoako Foru Aldundiko kidearen hitzetan, "normala da zailtasunak dituen ikasleari laguntza-eskolak ematea, baina neurrian". Izan ere, jakinarazi duenez, Jaurlaritzak turismoa sustatzeko aurrekontuaren % 62,5 Bizkaiari eskaintzen dio; % 26, Gipuzkoari, eta % 14, Arabari. Ruiz de Eginoren aburuz, banaketa hau ez da BPGren arabera egiten.
Jaurlaritzak ukatu egin du
Eusko Jaurlaritzak ukatu egin du Bizkaiari "mesede-tratua" egin izana. Euskadi Irratiari Jaurlaritzako iturriek adierazi diotenez, "euren bitartekotzari esker lehen aldiz izan dira Gipuzkoa eta Donostia Berlinen". Hori erakusten duten argazkiak eta albisteak badaudela azokaren berri eman zuten Alemaniako hedabideetan.
Jaurlaritzaren esanetan, Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak ez zuten Berlinen egoteko "sosik ordaindu". "Aurre-kanpainan dena ez da libre", ohartarazi dio Jaurlaritzak Bilduren gobernuei.