Gizartea -
Droga-trafikoa
Nazioarteko narkotrafiko sare bat desegin dute Coruñan
Guztira, 35 pertsona atxilotu eta 336 kilogramo substantzia estupefaziente atzeman ditu Poliziak.
Erredakzioa
Nazioarteko narkotrafiko sare bat desegin dute Coruñan. Polizia-operazioa sei herrialdetan egin dute, tartean, Espainian, eta guztira 35 pertsona atxilotu eta 336 kilogramo droga atzeman dituzte.
Mesias polizia-operazioa Espainian, Erresuma Batuan, Belgikan, Herbehereetan, Ekuadorren eta Perun gauzatu da, eta sare hori osatzen zuten kideak atxilotuta amaitu da. Aipaturiko sareak Latinoamerikatik kontainerretan eta hegaldi komertzialetan sartzen zuen droga Europan.
Hamalau lagunek osatzen zuten sarearen nukleo nagusia, eta horietako gehienak Coruñan finkatuta zeuden. Aldian-aldian diru kopuru bat jasotzen zuten, eta beste diru kantitate gehigarri bat, egindako lanen arrakastaren arabera.
Sareak harremanak zituen narkotrafikoan aritzen ziren Europako eta Hego Amerikako erakunde kriminalekin, eta, beraz, herrialde ezberdinetako polizien arteko informazio trukea beharrezkoa izan da sarea desegiteko.
Narkotrafikatzaileek kokaina eta droga sintetikoak banatzen zituzten, batez ere, Coruña inguruan.