Gizartea -

Bilbo eta Iruña

Gutun Sozialaren sustatzaileek bestelako eredua aldarrikatu dute

Euskal Herriko hainbat eragile sozialek ekonomiaren eta gizartearen sistema erabakitzea aldarrikatu dute. Gainera, gizarte zuzenago bat, bestelako eredu batekin, eraiki ahal izatea eskatu dute.

Manifestazioaren burua, Bilbon. Argazkia: EiTB
Manifestazioaren burua, Bilbon. Argazkia: EiTB
Eredu sozial eta ekonomikoa aldatuko duen alternatiba eskatu dute

1:25

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka eta milaka pertsonak manifestazioa egin dute Bilboko eta Iruñeko kaleetan Euskal Herriko Gutun Sozialaren sustatzaileek deituta, "pertsonen eredua bultzatzeko, ez merkatuena".

Sustatzaileen artean, ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, HIRU, CNT eta CGT sindikatuak, eta bestelako gizarte eragile daude.

Hiriburu bizkaitarrean, euripean, manifestariak 17:00etan abiatu dira Bilboko Jesusen Bihotza plazarik. Martxaren buruan, Badaude Aldaketak eta Aldaketa Soziala Orain ikus zitezkeen.

Ekitaldia hasi baino lehen, Endika Perez eta Ana Perez sustatzaileetako bik azaldu dutenez, gutunaren bidez Euskal Herrirako nahi duten eredua zehaztu dute, "egungoak desberdintasunak areagotzen dituelako. Aldaketa soziala beharrezkoa da eta badaude alternatibak".

Gutunak ekonomiaren eta gizartearen sistema erabakitzea eskatzen du eta gizarte zuzenago bat, bestelako eredu batekin, eraiki ahal izatea Eskubide Sozialak jasotzen ditu.

Gainera, aldarrikapenean Adolfo Muñoz ‘Txiki’ eta Ainhoa Etxaide ELA eta LAB sindikatuetako idazkari nagusiak, hurrenez hurren, izan dira, besteak beste.

Muñozen arabera, "kapitalak eragin handia du politikan, kapitalean agintzen duenari berdin zaio nor sartzen den gobernuetan. Ikusten ari gara zer gertatzen ari den Grezian, presio handia beti ere nahi izan dutena (kapitalak) egiteko, berdin zaie nork sufritzen duen".

Halaber, Muñoz EiTB euskal telebista publikoaren inguruan mintzatu da; "gizartean gertatzen dena, pobrezia, desberdintasunak lotsagabe zentsuratzen ditu; langileok ere ordaintzen dugun zerbitzu publikoa da".

Horren ildotik, Ainhoa Etxaidek gaineratu duenez, manifestazioaren bidez "gutun soziala kalera eraman" nahi izan dute, "alternatiba bat sortzeko. Eskubide horiek jasoko dituen eredu bat sor liteke, aberastasuna banatuz errealitatea aldatu, enplegua sortu eta pobreziarekin buka daiteke".

Era berean, Etxaidek "lan eta gizarte mailako eskubideen suntsiketa" kritikatu egin du; "ezin dugu etorkizuna utzi gure aukerak suntsitu dituzten erakundeen esku, errealitatea eraldatu nahi dugu eta horregatik mobilizatu gara".

Manifestazioan, bestelako aldarrikapenak ere izan dira, bakoitza kolore batekin ordezkatuta: horiz, bazterketa sozialaren, banketxeen, multinazionalen kontra; urdina, pentsiodunen eskubideen eta osasunaren alde eta kolore anitzeko bat aniztasun sexualaren alde, besteak beste.

Lan-baldintzek nabarmen okerrera egin dute

Ordu erdi beranduago, 17:30ean, abiatu da Iruñeko martxa, Antoniutti parketik. 55 gizarte-mugimenduk deituta, 3.000 pertsona inguruk parte hartu dute "aldaketa soziala" eskatzeko. Parte-hartzaileek agerian utzi nahi izan dute Nafarroan ezarritako "Madrilekiko menpekotasunaren" alternatiba dagoela.

Iratxe Alvarezek (ESK) gogora ekarri duenez, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunaren sinadurarekin abiatu zuten prozesu luzea, eta urtebete geroago datorrela gaurko manifestazioa.

Igor Arroyo LABeko ordezkariak salatu du, ordea, langilen lan-baldintzek azken 20 urteetan nabarmen okerrera egin dutela, eta horren errua "Nafarroan ezarritako Madrilekiko menpekotasunari" egotzi dio.

"Arazo nagusiak bi badira (menpekotasuna eta gizartearen aurkako eredua), bizi- eta lan-baldintzak hobetzeko irtenbideak ere bi dira: Nafarroako afera ekonomikoei eta sozialei buruz erabakitzeko eskubidea, eta eredu sozial eta ekonomiko berria", azpimarratu du Arroyok.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Bilbo Iruñea azken orduko berriak Eusko Langileen Alkartasuna albisteak LAB Ekonomia berriak