Gizartea -
Arazo informatikoa
Ilara eta atzerapen batzuk, Gasteizko autobus geltokiaren estreinakoan
09:00etatik 10:45era arte arazo bat izan du sistema informatikoak, eta horrek arazo txikiak sortu ditu denbora tarte horretan.
Erredakzioa
Gasteizko autobus geltoki berriak arazo informatiko bat izan du lehen egunean. Ondorioz, autobus-ilarak eta zenbait zerbitzuren atzerapenak izan dira estreinakoan.
Udaleko iturriek azaldu dutenez, geltokira iritsi den lehen autobusa Pontevedratik etorri da. 04:55ean heldu behar zen, baina 40 minutu lehenago iritsi da.
Bestalde, geltoki berritik atera den aurreneko autobusa Nerjatik zetorren eta Donostiara abiatu da 05:00etan.
Arazoa sistema informatikoan
09:00etatik 10:45era arte arazo bat izan du sistema informatikoak, eta horrek arazo txikiak sortu ditu denbora tarte horretan.
Horrela, denbora tarte horretan autobusen matrikulak irakurtzeko sistemak ez du funtzionatu, ezta hesiak altxatzeko sistema automatikoak ere. Ondorioz, autobus-ilara batzuk izan dira geltokian, baina ez kanpoan; izan ere, autobusek errei propioa dute.
Era berean, ibilgailuen ordutegia jakinarazteko informazio pantailak zerbitzurik gabe geratu direla esan dute iturriek.
Arazo txiki horiek kenduta, geltokiak “normaltasunez” funtzionatu du, “arduradunak egoerara behar bezala egokitu direlako”, iturrien arabera.