Gizartea -

Neurri aitzindaria

Bularreko inplanteak debekatzea aztertzen ari da Frantzia

Protesiek minbizia kasuekin duten lotura aztertuko du aditu talde batek eta zein neurri hartu erabakiko du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bularreko inplanteek minbiziarekin duten lotura aztertu nahi dute Frantziako osasun agintariek, eta, harremana frogatuko balitz, protesiok debekatzeko prest agertu dira.

Le Parisien egunkariak gaurko aleak azaldu duenez, Frantziako Medikamentuaren Segurtasunerako Agentziak aditu talde bat bilduko du 10 egunez protesien inguruko araudiaren harira neurri zorrotzagorik hartu behar den eztabaidatzeko. "Debekatu behar baditugu, hala egingo dugu", aurreratu du François Hebert agentziako zuzendari ondokoak egunkariari eskainitako elkarrizketa batean.

Munduan halako 173 kasu daude. Frantziari dagokionez, azken hiru urteetan, inplanteak zeramatzaten 18 emakumeri atzeman diete bularreko minbizia. Inplantea ipini eta, batez beste, 11-15 urteren buruan garatu dute minbizia emakumeok. 18 gaixotik 14k Allergan markako protesia zeramatzaten (Frantzian jartzen diren inplanteen % 30 marka horretakoak dira).

Herrialde honetan 400.000 emakumek dituzte bularreko inplanteak eta, beraz, minbizia garatzeko arriskua txikia dela argudiatu dute protesi fabrikatzaileek. Dena dela, badaezpadako neurri gisa, protesia ipini nahi duten emakumeei arriskuaz ohartarazten hasi dira medikuak.

Arazoa, protesia egiteko materialean baino, hura biltzen duten geruzan egon daiteke, adituen hitzetan. Hain justu, duela urtebete PIP fabrikatzaile frantsesarekin izandako polemika gogorarazi du Hebertek. Inplanteetan silikona industriala jartzeagatik lau urteko kartzela zigorra ezarri zioten fabrikatzaile honi.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Minbizia Frantzia albisteak