Gizartea -

Nafarroa

Azken agurra emango diote gaur Antsoainen Miren Peñari

43 urteko emakumezkoak bere buruaz beste egin zuen, Laboral Kutxak ukatu egin ziolako hipoteka modu ordenatuan berrantolatzea.

Miren Peñaren heriotza salatzeko bilkura Iruñean

01:34

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Miren Peñaren aldeko hileta elizkizunak hartuko ditu gaur San Pedroko Kaputxinoen elizak, Antsoainen (Nafarroa). Berrogeita hiru urteko emakumezkoak bere buruaz beste egin zuen larunbatean, Laboral Kutxak ukatu egin ziolako hipoteka berriz negoziatzea.

Hipotekek kaltetutakoen plataformek salatu dute gertatutakoa ez dela suizidioa izan, hilketa baizik, eta elkarretaratzeak deitu dituzte gaur arratsalderako Zaragozan eta Garesen, eta biharko Antsoaingo Udaletxean.

Miren langabezian zegoen duela bi urtetik, eta agortuta zuen jada langabezia-saria. Duela egun batzuk, lana eskatu zion Faurecia EMC enpresari, bertatik kaleratu egin baitzuten aldez aurretik, baina konpainiak ez zion ezta egoitzan sartzen utzi ere. Ostiralean, Laboral Kutxak ukatu egin zion hipoteka modu ordenatuan berrantolatzeko aukera.

Gaur, 19:00etan, senideek, lagunek eta Antsoaingo herritarrek azken agurra emango diote.

PAHren eta LABen salaketak

Hipotekek Kaltetutakoen Plataformak (PAH) eta LAB sindikatuak salatu egin dute gertatutakoa, eta Miren "sistema bidegabe eta krudel baten biktima" izan dela gaineratu dute.

PAHren esanetan, Faurecia EMCk "modu iraingarrian" kaleratu zuen 2013an, eta, langabezia-saria agortu zitzaionean, "jardunbide onen kodea" ezartzea eskatu zion Laboral Kutxari, baina eskaera errefusatu dutela jakinarazi zioten ostiralean. "Horrek etsipenaren amildegira bultzatu zuen", kritikatu du.

Ildo beretik, LABek kapitalismoaren aurka egin du, eta enpresen kaleratzeek eta bankuen etxegabetzeek "heriotza" eragin dezaketela ohartarazi du.

Era berean, enplegua sortzeko neurririk ez hartzea eta babes soziala ez bermatzea egotzi dio Nafarroako Gobernuari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa munduan gaur Nafarroa Etxegabetzeak