Gizartea -
Eguneko lerroburuak
Martxoaren 26ko albisteak
Egunari ekin aurretik ezagutu beharreko bost albisteen bilduma.
EITB.EUS
Alpeetako istripuaren ikerketa
Alpeetan amildu zen hegazkineko kutxa beltzaren grabazioaren arabera, pilotuetako bat kabinatik atera zen une batez, eta gero ezin izan zen berriro sartu. Grabazioan, atean emandako kolpeak entzuten dira, barruan zegoen beste pilotuaren erantzunik ez dutenak. Atea behera botatzen ere saiatu zen pilotua. The New York Times egunkariak zabaldu du informazioa, baina ikerketa ofizialeko arduradunek ez dute baieztatu. Zabaldutako datuen arabera, hegazkina osorik zegoen gune malkartsuaren kontra jo zuenean. Bestalde, tragedia gertatu zen lekuan hasi dira gorpuak ateratzen; luze joko du, ordea. Espainiako Gobernuaren arabera, 150 hildakoetatik 51k Espainiako nazionalitatea zeukaten.
'Pastor' operazioa
Etxerat presoen senitartekoen elkarteak eta Jaiki Hadi presoak artatzen dituzten medikuen kolektiboak agerraldia egingo dute gaur Pastor operazioaren balorazioa egiteko. Guardia Zibilak lau lagun atxilotu zituen atzo, "espetxeetako fronteen" kontrako operazioan. Jaurlaritzaren aburuz, tankera honetako operazioek "inolako beharrik gabe tenkatzen dute gizartea".
Foru Parlamentua: Nafarroako Kutxaren auzia ikertzen jarraituko dute
Hurrengo legegintzaldian ere Nafarroako Kutxaren auzia ikertzen jarraitzearen alde egingo dute Nafarroako Parlamentuan oposizioa osatzen duten taldeek. Legegintzaldi honetako azken saioa dute gaur foru ganberan, eta hori izango da hartuko duten erabakietako bat. Yolanda Barcina UPNko presidentearentzat gogorrak izan dira azken lau urte hauek; zentsura mozio bati ere egin behar izan zion aurre. Higadura horren lekuko, Barcina ez da erregionalisten foru parlamenturako zerrendetan joango.
Kartzelaldi iraunkor berrikusgarria
Terrorismo jihadistarekin lotutako delituak are gehiago zigortzea eta kartzelaldi iraunkor berrikusgarria ekarriko duen Zigor Kodearen erreforma onartuko du Kongresuak. Mariano Rajoy eta Pedro Sanchez PPko eta PSOEko buruek otsailaren 2an izenpetu zuten erreforma ahalbidetzen duen ituna. Hala, "erakunde terrorista" bateko kide batek inor hiltzekotan, "aurreikusita dagoen denbora gehiena eman beharko du kartzelan".
Finala, Bartzelonan
Argitu da azkenean. Camp Noun jokatuko da Bartzelonaren eta Athleticen arteko Errege Kopako finala, maiatzaren 30ean. Iragarpena Antonio Suarez Santana Espainiako Futbol Federazioaren presidenteak egin zuen, Rozasen (Madril) erakunde horretako zuzendaritzak egindako bileraren ondotik.
Aurretik, ados jartzen saiatu ziren finala jokatu behar duen taldeek, baina ez zen posible izan, batek Sevillaren alde eta besteak Valentziaren alde egin zuelako. Horrenbestez, bozketa bidez egin zuten aukeraketa: Bartzelona gailendu zen, 26 boto jasota (San Mamesen aldekoak 18 izan ziren).