Gizartea -
Amildutako hegazkina
Lufthansa: 'Denbora beharko dugu Alpeetan gertatu zena argitzeko'
Bestalde, Marseillako fiskalburuak ukatu egin du mendien kontra jo baino lehen hegazkin barruan grabatutako bideoa dagoela.
Agentziak | Erredakzioa
Carsten Spohr Lufthansako presidenteak adierazi duenez, "denbora beharko da" Alpeetan 150 bidaiari zeramatzala amildu zen Germanwings konpainiako hegazkinarekin zer gertatu zen argitzeko.
Spohr Thomas Winkelmann Germanwings presidentearekin batera izan da gaur tragediaren lekuan. Biktimei omenaldia egin eta erreskate taldeei egindako lana eskertu diete.
Bien agerraldiaren zain izan dira hedabideak, baina Spohrek ez die kazetarien galderei erantzun nahi izan eta ohar bat irakurtzera mugatu da.
"Atsekabetuta gaude istripu honekin. Lufthansarentzat segurtasuna izan da beti garrantzitsuena. Nahigabetuta gaude heriotzengatik, ez dugu sentitzen duguna azaltzeko hitzik", adierazi du.
Azken minutuak jasotzen duen bideorik ez dago
Bestalde, hainbat hedabidek zabaldutako albistea gezurtatu du gaur Brice Robin Marseillako fiskalburuak. Argitu duenez, ez dago Germanwings hegazkineko azken minutuak jasotzen duen bideorik, eta balego, agintarien esku uzteko deia egin du.
Atzo eman zuten grabazioaren berri Bild egunkari alemaniarrak eta Paris Match aldizkari frantsesak. Agertu zutenez, istripuaren lekuan topatutako txartel batean zegoen bideoa, eta irudiak zabaldu ez bazituzten ere, kutxa beltzean jasotako informazioa berresten zutela adierazi dute.
Halakorik dagoenik gezurtatu du fiskalburuak: "Ez da egia ikerlariek bideo bat edo hainbat dituztenik. Norbaitek bideo hori balu, utz dezala agintarien esku, berehala", erantsi du.
Ildo beretik mintzatu da Jean-Marc Menichini Frantziako Poliziaren bozeramaileetako bat. Haren esanetan, "erabat faltsua" da informazioa, eta argitu du oraindik ez dituztela Alpeetan atzemandako sakelakoen edukiak aztertu.