Gizartea -

Oporrak

Auto-ilarak Armiñonen eta Muskizen, Aste Santuko irteera operazioan

Ezbeharra gertatu da AP-68 autobidean, Ugaon. Kamioi batek eta auto batek talka egin dute. Hiru pertsona zauritu dira istripuan.

Auto-ilarak A-8an, Kantabriako noranzkoan. Argazkia: EiTB
Auto-ilarak A-8an, Kantabriako noranzkoan. Argazkia: EiTB
Kantabriarako bidean 9 kilometroko ilarak sortu dira

1:39

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aste Santuko irteera operazioak auto-ilarak sortu ditu ohiko tokietan. Horrela, Armiñoneko (Araba) bidesarian eta A-8 autobian, Muskizen (Bizkaia), Kantabriako noranzkoan, arazoak izan dira.

Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, Armiñonen, A-1 eta AP1 errepideen arteko loturan, Burgosko noranzkoan, hiru kilometroko auto-ilarak izan dira. Bien bitartean, A-8an bederatzi kilometroko ilarak izan dira.

Bi toki horietan trafiko handia espero da datozen egunetan. Batez beste 163.000 ibilgailu espero dira A-8an, eta 115.000 ibilgailu Armiñongo bidesarian.

Era berean, Biriatuko bidesarian auto-ilarak izan ohi dira irteera operazioetan. Aurreko urteetan, Ostegun Santuan, arazoak izan dira. Konkretuki, 2014an 14 kilometroko auto-ilarak izan ziren.

Guztira, EAEko errepideetan 450.000 bat joan-etorri izatea espero du Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak Aste Santuan, hau da, iaz baino 15.000 ibilgailu gehiago. 200 bat ertzainek irteera eta sarrera nagusiak zainduko dituzte.

Ezbeharra Ugaon

Irteera operazioan, istripu bat gertatu da AP-68 autobidean, Ugaon (Bizkaia). Auto batek eta kamioi batek talka egin dute. Hiru pertsona, horien artean hiru urteko neskato bat, zauritu dira ezbeharrean.

Iveco Stralis trailer batek Audi A-3 auto batekin talka egin du. Autoari gurpila zulatu zaio eta matxura konpontzen ari zen bazterbidean, istripua gertatu denean. Talkaren ondorioz, trailerrak kontrola galdu du eta autobidetik atera eta lubeta batetik erori da. Zuhaitzek kamioiari eutsi diote.

Autoko hiru bidaiariak, 41 urteko senar-emazteak eta 3 urteko alaba, eta kamioiko gidaria, 56 urteko gizona, zauritu dira. Autoko bidaiariak Basurtuko ospitalera eraman dituzte, eta trailerreko gidaria Galdakaoko ospitalera.

Bestalde, N-622 errepidearen eta A-1en arteko loturan, Lopidan (Araba), auto-ilarak izan dira arratsaldean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Ezbeharrak gaur Trafikoa Araba Añanako Kuadrilla