Gizartea -

Asanblada Nazionala

Modelo 'argalegiei' desfileetan aritzea debekatuko die Frantziak

Anorexiari aurre egiteko legea onartu du gaur Frantziako Asanblada Nazionalak. Halaber, anorexia bultzatzen dutenei 10.000 euro arteko isuna eta urtebete arteko kartzelaldia ezar diezaiekete.

Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako Asanblada Nazionalak modelo "argalegiei" desfileetan eta moda saioetan parte-hartzea debekatuko dien legea onartu du ostiral honetan, Le Parisien egunkariak berri eman duenez. Lege hori onartuta, anorexiari aurre egitea du helburu Frantziak.

Osasun publikoari lotuta dagoen lege proiektu baten baitan aurkeztu du ekimena Olivier Veran diputatu sozialistak, Marisol Touraine Frantziako Osasun ministroaren onespenarekin. Tourainen hitzetan, "kezkagarria da" argalegi dauden modeloek desfileetan parte hartzea.

Nicolas Sarkozy presidente ohiaren UMP alderdia eta zentro eskuineko UDI alderdia legearen aurka azaldu dira. Ekologistek, bien bitartean, beren zalantzak agertu dituzte.

Legeak lan egitea debekatuko die gorputz-masaren indizea osasun eta lan agintariek ezarritako mugetatik behera duten modeloei. Debekua urratzen duten pertsonei 75.000 euroko isuna eta sei hilabeteko kartzela zigorra ezar diezaiekete.

Bestalde, lege berriak delitu berri bat tipifikatzen du, hain zuzen ere, gehiegizko argaltasunaren promozioa egitea. Horrenbestez, anorexia bultzatzen duten pertsonak zigortu egingo dituzte. Lege ekimenak argi uzten du gehiegizko argaltasunaren bilaketak "heriotza arriskua" ekar dezakeela eta osasuna arriskuan jar dezakeela. Hala, legearen arabera, 10.000 euro arteko isuna eta urtebete arteko kartzela zigorra jaso dezakete legea urratzen dutenek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Frantzia albisteak Moda