Gizartea -

Maroko Hegoaldean

Hiru espeleologo espainiarren bila ari dira Marokon

Joan den igandetik falta dira hiru espeleologoak: Maroko hegoaldean ibilaldi bat egiten ari ziren, beste sei lagunekin batera. Inguru menditsu batean ikusi zituzten azkenengoz.

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hiru espeleologo espainiarren bila ari dira Marokon.  Andaluziarrak dira hirurak eta joan den igandetik falta dira, Espainiako iturri diplomatikoek baieztatu dutenez.

Maroko hegoaldean, Marrakex eta Uarzazate inguruan, ibilaldi bat egiten ari ziren, beste sei lagunekin batera. Antza, taldetik banandu egin ziren, zerbait ikustera zihoazela esanda. Une horretan ikusi zituzten azkenengoz. Inguru oso menditsua da, kobazulo asko dituena.

Itzultzen ez zirela ikusita, espedizioburuak Espainiako Kontsultatuari eta Marokoko Jendarmeriari eman zion abisua. Horiek bilaketa-lanak abiatu zituzten, baina oraindik ez da espeleologoen arrastorik. Lurrez eta airez ari dira bila. Falta diren hiru espeleologoak kobazuloren batean egon litezkeela uste dute agintariek.

Espainiako Poliziak jakitera eman duenez, hiru espeleologoetatik bi poliziak dira, batak Madrilen du lanlekua eta besteak Almerian.

Galdutakoen senitartekoak haserre agertu dira, ez baitute uste Marokoko Jendarmeria eta Espainiako Polizia behar adina arakatzen ari direnik. Mendi gainetan ari omen dira bila, baina hiru espeleologoek ibilaldia hasi zuten arroila ingurua oraindik ez dutela begiratu esan dute senitartekoek.

Julia Ordoñez falta den espeleologoetako baten emazteak esan duenez, "Espainiako Gobernuak bilaketa lanetan murgiltzea beharrezkoa da". "Laguntza eskatzen dugu, larrialdi deia egiten diegu agintariei", esan du Ordoñezek, Canal Sur irrati-katean egin dioten elkarrizketan. "Ez dugu zalantzan jartzen Maroko egiten ari den lana, baina Espainiako Gobernuari bitartekoak jar ditzala eskatzen diogu",  gaineratu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko azken ordukoa Espainia bideoak Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Mendiko istripuak Rabat gaur