Gizartea -
Indarkeria matxista Santurtzin
Erasotzaileari guraize batzuk sartuta aurre egin dio emakume batek
Dirudienez, mutilak neskari eraso egin dio, eta neskak guraizeak sartuta defendatu du bere burua. Emakumea atxilotu dute.
eitb.eus
19 urteko neska bat atxilotu dute igande goizean Santurtzin (Bizkaia), bikotekideari guraizeekin eraso egiteagatik, gizonezkoa tratu txarrak ematen ari zela, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Gizona ospitalera eraman dute, larri. Emakumezkoa ere artatu behar izan dute, zauriak baititu.
Bizilagun batek eman du erasoaren berri 08:30ak aldera.
Erasoaren tokira bertaratu diren ertzainek gizonezko bat topatu dute lurrean etzanda, lepotik odola zeriola, eta osasun zerbitzuei dei egin diete. Osasun langileak zauritua tokian bertan artatzen ahalegindu badira ere, azkenean, anbulantzian ospitalera eraman dute.
Ondoren, neskarekin eta abisua eman duen bizilagunarekin hitz egin dute ertzainek.
Dirudienez, mutilak neskari eraso egin dio, eta neskak guraizeak sartuta defendatu du bere burua.
Medikuek tokian bertan artatu dute neska ere, eta ondoren ospitalera eraman dute buruan eta eskumuturrean zituen kolpeak aztertzeko. Arratsaldeko lehen orduan alta eman eta gero, ertzain-etxera eraman dute.
Ertzainen aurrean deklaratu ostean, atxilotua datozen orduetan pasatuko da epailearen aurretik.
Bestalde, Ertzaintzaren Polizia Zientifikoa bikotearen etxebizitzan lanean ari da gertaturikoa argitzeko.
_____________________________
Tratu txarren biktima bazara edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu 016 telefono zenbakira (doakoa da eta ez du arrastorik uzten fakturan).