Gizartea -

Indarkeria matxista

PSOEk Lopez Aguilar kanporatu du, tratu txarrengatik inputatu baitute

“Akusazio faltsuak” direla ziurtatu du politikariak. Dibortzio prozesu “oso mingarri” baten emaitza direla azaldu du. Lopez Aguilarren hitzetan, “hutsik gabeko ibilbide politikoa” zikindu nahi dute.

Juan Fernando Lopez Aguilar ministro ohia. EFE
Juan Fernando Lopez Aguilar ministro ohia. EFE
Lopez Aguilar kargutik kendu du PSOEk auzia argitu bitartean

1:19

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Fernando Lopez Aguilar (PSOE) Espainiako Gobernuko Justizia ministro ohiak inputatu gisa deklaratu beharko du Auzitegi Gorenean, emazte ohiak salaketa aurkeztu baitu horren aurka, tratu txarrak ematea egotzita.

Kanarietako epaitegi batek gaur bideratuko du auzia Gorenera. Atzo, epaiketa arina egin zuten bertan, eta epaileak delitu zantzuak atzeman zituen.

Foruduna denez, gaia ikertzeko eskumena Auzitegi Gorenak du. Ondorioz, deklaratzeko deitu ala ez Gorenak erabakiko du.

Las Palmaseko Genero Indarkeria Fiskaltzaren arabera, “hasierako eginbideetan delitu zantzuak daude”.

Aurretik, emazte ohiak beste salaketa bat aurkeztu zuen tratu txarrengatik, baina atzera egin zuen epailearen aurrean zela. Oraingoan, baina, aurrera egin du, eta lekukoak aurkeztu ditu gainera.

Lopez Aguilar: "Errugabea nai"

Lopez Aguilarrek ukatu egin du tratu txarrak eman izana, eta errugabea dela nabarmendu du.

“Akusazio erabat faltsuak” direla ziurtatu du politikariak. Dibortzio prozesu “oso mingarri” baten emaitza direla azaldu du. Lopez Aguilarren hitzetan, “hutsik gabeko ibilbide politikoa” zikindu nahi dute.

“Minik gehien ematen duen tokian jotzen ari dira. Balio horiekin konpromisoa dudala dakitenez, errukirik gabe jotzen naute. Nire errugabetasuna defendatu behar dut orain, eta egingo dut. Errugabea naiz”, adierazi du Kanariar Uharteetako politikariak.

“Atzeraeraginezko” akusazio “desegokia” gezurtatzeko hurrengoa esan du Lopez Aguilarrek: Etxean ez zegoenean Poliziari abisua eman zioten, ustezko liskar baten berri emanez. Seme baten bizitza arriskuan jarri zuela diote salaketan, baina “zerikusirik ez” duela adierazi du politkariak.

Iragan urtarrilean, ustezko tratu txarren beste salaketa bat jaso zuela gogorarazi du Lopez Aguilarrek. Emazte ohiaren semeak (aurreko harreman batena) salatu zuela erantsi du. Salaketa 24 ordu geroago kendu zutela esan du.

“Salaketa guztiz faltsua zela frogatu zen. Guztia testuinguru berdinean kokatu beharra dago, pertsona batek gorrotoa dit”, gaineratu du.

Militantzia etetea eskatu du

“Genero indarkeria ustezko kasu” honen aurrean, Lopez Aguilar aldi baterako baztertzea erabaki du alderdiak, PSOEk agiri batean azaldu duenez. Erruduna dela baieztatzen baldin bada behin betiko kanporatuko lukete. Lopez Aguilarrek berak militantzia etetea eskatu du.

2004tik 2007ra bitartean Justizia ministroa izan zen. Bruselako eserlekuari ez dio uko egingo Lopez Aguilarrek. Ondorioz, talde mistoko kidea izatera pasako da.

Testuinguru horretan, PSOEk Europako Parlamentuko Talde Sozialistan zituen ardurak kendu dizkio Lopez Aguilarri. Dena dela, ministro ohiak eurodiputatu izaten jarraitu ahalko du, dimisioa ematen ez badu behintzat, karguak pertsonenak baitira, ez alderdienak.

PSOEren Berdintasun Batzordeak premiazko bilera egin du gaur, ministro ohiaren auzia aztertzeko. Aurretik, Lopez Aguilarrek berak militantzia "behin-behinean" bertan behera uztea eskatu zion Cesar Luena PSOEko Antolakuntza idazkariari.

Bilera egin baino lehen Carmen Monton Alderdi Sozialistako Berdintasun idazkariak azaldu zuenez, "batetik errugabetasun presuntzioa dago, eta bestetik tratu txarren aurka tolerantziarik ez izateko barne arauak, eta horiek dute lehentasuna".

Epaileek salaketa argitu eta gero, Lopez Aguilarren militantzia berriz onartzea edo betiko kanporatzea erabakiko dute.

____________________________________________

Tratu txarren biktima bazara edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono zenbaki hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); biak doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak gaur Espainia bideoak