Gizartea -

Eguneko lerroburuak

Apirilak 9ko albisteak

Eguna hasi aurretik irakurri behar dituzun bost albisteak.

IKER GOMEZ | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hiru urte Iñigo Cabacas gabe

Hiru urte beteko dira gaur Iñigo Cabacas hil zela Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz. Athleticen partida baten ostean jaso zuen gazteak pilotakada, eta handik lau egunera hil zen, ospitalean. Ikerketa zabalik dago, eta familiak dio pilotakadaren egilea identifikatuta dutela. Hala ere, erantzule eta arduradun gehiago zehaztea eskatzen dute. Ertzaina identifikatzeaz gain, Athletic eta Schalke 04 taldeen arteko partidaren osteko operatiboa nork antolatu zuen eta karga nork agindu zuen ere argitu nahi dute Cabacasen senideek.

Larunbatean omenaldia egingo diote senide eta lagunek.

Jihadismoaren aurkako operazioa Katalunian: ikerketa ez da bukatu

Katalunian, atentatuak egiteko prest zeuden atxilotutako ustezko 11 jihadistak, Ramon Espadaler Kataluniako Barne kontseilariaren arabera. Hamaika atxilotu horietatik bost islamera bihurtutako kataluniarrak zirela azpimarratu du Kataluniako Gobernuak. Atxilotuak datozen orduotan igaroko dira epailearen aurretik, Auzitegi Nazionalean.

Atxilotuen artean, 17 urteko mutil bat eta emakume bat daude. Horietako bost marokoarrak dira, eta gainerakoak islamera bihurtutako bost katalan eta Paraguain jaiotako gizon bat.

Lan Eskaintza Publikoa Justizian: 157 lanpostu eskainiko dituzte

Aurten, Justizia Administrazioan, 157 lanpostuko lan eskaintza publikoa egingo duela iragarri du Eusko Jaurlaritzak. Azterketak uda ondoren egingo dituzte. Lan eskaintza publikoarekin, langileen bitarteko izaera murriztu nahi dutela azaldu du Gasteizko Exekutiboak. ?1996tik Eusko Jaurlaritzak antolatzen duen lan eskaintza publiko garrantzitsuena da?, Jaurlaritzaren esanetan. Foru Zuzenbide Zibila eta euskara ezagutza sarituko dute azterketetan. 157 lanpostuetatik, 88 tramitatzaileak izango dira, 34 kudeatzaileak, 30 laguntzaile judizial eta auzitegiko bost mediku.

Josu Erkoreka Ana Oregi Estefanía Beltrán de Heredia Gobierno Vasco. EFE

Josu Erkoreka Ana Oregi Estefanía Beltrán de Heredia Gobierno Vasco. EFE

Barakaldoko urpekariaren bila jarraitzen dute

Kantabrian, Castron galdu den 39 urteko gizonezkoaren bila jarraitzen dute. Urpekaritza egiten ari zela desagertu zen Barakaldoko gizonezkoa. Gaur Ontongo hondartzan bilatuko dute. Urpeko kirol arrantza egiten ari zen, oxigeno botilarik gabe. Bere familiak larrialdi zerbitzuetara deitu zuen bart, ez zela itzultzen ikusita.

Berehala hasi ziren lanean erreskate taldeak, baina gaua iristearekin batera bertan behera utzi behar izan zituzten lan horiek.

Bestalde, Kantabrian bertan, Santanderren, hilda aurkitu dute joan den astelehenean lanpernak biltzera atera, eta itsasora erori zen gizonezkoa. Laudion bizi zen. Hileta gaur arratsaldean egingo dute.

Itzuliaren laugarren etapa

Joaquim "Purito" Rodriguezek (Katusha) irabazi zuen atzo Euskal Herriko Itzuliaren hirugarren etapa (170,7 kilometrokoa, Gasteiz eta Zumarraga artean) eta Sergio Luis Henao (Sky) kolonbiarra da lider berria. Henaok liderraren elastikoarekin egingo dio aurre laugarren etapari. Gaurko etapak 162 kilometro izango ditu, Zumarraga eta Arrate artean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Gaur