Gizartea -
Ezbeharra
Hilik aurkitu dute Castron desagertu zen Barakaldoko urpekaria
Gizonezkoa, 39 urtekoa, uretan sartu zen astearte arratsaldean, eta, itzuli ez zenez, senideek salaketa jarri zuten.
eitb.eus
Erreskate taldeek hilik aurkitu dute asteartean Ontoneko hondartzaren uretan (Castro Urdiales, Kantabria) desagertu zen urpekaria. Gizonezkoa Barakaldokoa eta 39 urtekoa zen.
Gorpua helikopteroz atzeman dute, Saltacaballon.
Kantabriako Auzitegiko Medikuntza Institutuak ostiral honetan egingo dio autopsia gorpuari. Behin aurkituta, Castroko Guardiako Epaitegiak gorpua jasotzeko agindua eman du goizean, eta autopsia egitea eskatu du, iturri judizialek jakitera eman dutenez.
Gizona astearte arratsaldean sartu zen uretan, kirol-arrantza egitera. Hiruzpalau ordutarako joan zen, baina ez zen itzuli, eta familiak abisua eman zuen 22:00etan Kantabriako Gobernuaren 112 Larrialdi Zerbitzuan.