Gizartea -

Martxa

Erregistro zibileko pribatizazioaren aurka manifestatu dira Madrilen

Langileek salatu dutenez, pribatizazioaren ondorioz 300 eta 500 euro inguruko tasak ordaindu beharko dira. Justizia ministroak esan du, ordea, zerbitzuak "publikoa eta doakoa" izaten jarraituko duela.

Erregistro zibilen aurkako pribatizazioa manifestazioa, Madrilen. Argazkia: EiTB
Erregistro zibilen aurkako pribatizazioa manifestazioa, Madrilen. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erregistro zibileko langileak manifestatu dira gaur Madrilen, Cibeles Plazatik abiatuta, eta Justizia Ministerioan amaitu dute ibilbidea, Gobernuak sustatutako zerbitzuaren pribatizazioaren aurka egiteko.

Bi urte daramate erregistro zibileko langileek zerbitzu horren pribatizazioaren kontra mobilizazioak egiten, Erregistro Zibilaren ardurak Jabetzaren eta Merkataritzako Erregistratzaileei Gobernuak eman zienetik.

Horren harian, Justizia Administrazioak eskainitako zerbitzu publikoa izaten jarraitzeko eskatu dute gaurko martxan parte hartu dutenek.

Lorena Ruiz-Huerta Podemos alderdiko Madrilgo buruzagietako bat protestan izan da. "Orain arte guztiz publikoa izan diren zerbitzuak egiteko (seme-alaba erregistratu, heriotza-agiria eskatu, edo ezkondu) hemendik aurrera 300 eta 500 euro inguruko tasak ordaindu beharko dira pribatizazioaren ondorioz", salatu du.

Bestalde, Javier Roldan CSIFko bozeramaileak azpimarratu duenez, "erregistro zibileko justizia-funtzionarioek esan nahi diote oraingoan Catalari pribatizazioak bukatu egin direla". "Erregistro zibileko zerbitzu publikoa egiteko, kudeatzeko eta hobetzeko gai gara", gaineratu du.

Jordanek azaldu duenez, "Catalak hitzeman duen doako zerbitzu zibilean ez du inork sinesten". "Erregistratzaile kopuru handia inposatu nahi dieten ereduaren aurka dago, eta zerbitzu horrengatik ordaindu behar izatea ekarriko du herritarrentzat epe motzera", nabarmendu du.

Catala: 'Doakoa eta publikoa izaten jarraituko du'

Bestalde, Rafael Catala Justizia ministroak errepikatu egin du Erregistro Zibila ez dela pribatizatuko, eta zerbitzuak jarraituko duela izaten "doakoa, publikoa eta herritarrekiko hurbila". Justizia Ministerioak baliabide telematikoak ezarriko ditu, Erregistroko 1.100 bulegoetako laguntzarekin batera.

Ministroak bermatu duenez, "langile publikoek" jarraituko dute zerbitzua eskaintzen. Horren harian, funtzionarioen erreforma abiatzeko asmoa azaldu du Catalak, sindikatuekin eta Autonomia Erkidegoekin adostu ostean. Horretarako, lantaldeak eta negoziazio-mahaiak sortuko dira, xede izanik Erregistro Bakarrera igarotzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea