Gizartea -
Iruña
Etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko manifestazioa egin dute Iruñan
Salatu dutenez, erakundeek eta bankuek etxe hutsak egotea ahalbidetzen dute herritar askok etxebizitza bat eskuratu ezin duten bitartean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iruñeko Txantrea auzoan manifestazioa egin dute igande arratsaldean, etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko eta hipoteka exekuzio prozesuak zabalik dituzten auzotarrei babesa eskaintzeko.
300 lagun inguru batu dituen manifestazioa 18:15ak aldera abiatu da "Etxebizitza eskubidea" ("Derecho a la vivienda") lelopean, eta auzoko kaleak zeharkatu ondoren, hipoteka exekuzio prozesu batek kaltetutako herritar batzuen etxearen aurrean amaitu da.
"Horiek guztiak etxegabetze arriskuan daude, baina guztiek Txantreako auzotarren babesa sentituko dute, beti bezala, ahulenen kontrako injustizia aplikatzen duten boteretsuen aurrean", adierazi du Txantrea auzoko herri mugimendu taldeak ohar batean.
Kolektibo horren arabera, "patronalarengatik eta bankuengatik miseriara kondenatuta dauden pertsonek bizi duten errealitate gordinaren adibide garbia dira etxegabetze kasuak".
Salatu dutenez, bien bitartean administrazioek hamaika etxebizitza huts dituzte, zailtasunak dituzten pertsonentzat egokiak izan zitezkeenak. Halaber, Iruñeko Udalak ia 200 etxebizitza huts dituela adierazi dute.
Bestalde, etxebizitzaren arazoari konponbideak bilatzeko eskatu dute. Halaber, administrazioak etxebizitza publikoak bultzatzearen alde agertu dira.