Gizartea -
Erreforma
Adingabeak legez kanpoko abortura bideratzea leporatu diote PPri
Erreforma "hipokrita", "elektoralista" eta "lotsagarria" dela esan du oposizioak. EAJ eta Amaiur legea aldaketaren kontra agertu dira.
agentziak | erredakzioa
Diputatuen Kongresuko oposizioko alderdi gehienek adingabeak legez kanpoko abortuetara bideratzea leporatu diote gaur PPri, haurdunaldia eteteko erreformaren harira, eta arau berria "hipokrita", "elektoralista" eta "lotsagarria" dela salatu dute.
Abortuaren legea erreformatzeko proposamena aintzat hartzeko eztabaidan egin ditu oposizioak adierazpenok, adingabeek gurasoen baimenik gabe aborturik egin ez dezaten PPk egindako proposamenaren harira, popularrek duten gehiengo osoari esker aurrera aterako den proposamenaren harira, alegia.
Marta Gonzalez PPk Kongresuan duen Berdintasun bozeramaileak ekimena defendatu ostean, oposizioaren kritikak etorri dira, UDCrena, Foro Asturiasena eta UPNrena izan ezik.
Hala, Carmen Monton PSOEren Berdintasun bozeramaileak esan du erreforma "elektoralista" dela eta helburua "boto sorta bat eskuratzea" dela, emakume "ahulenei", adingabeei, "babesa kenduta". Montonen esanetan, PPk adingabeen babesa indartu nahi duela esateko ausardia du, baina, berez, familia barruko tratu txarrak pairatzen edo babesik ez duten adingabeen kasuan, legez kanpoko abortura bideratzen ditu adingabeak, gurasoei baimena eskatu beharrik ez izateko.
Izquierda Pluraletik, Ascension de las Heras diputatua erreformaren kontra agertu da erabat, eta azpimarratu du ez zela beharrezkoa eta "elektoralista" dela. Gainera, sektore "atzerakoienak" eta agintari erlijiosoak gustura uzteko emakumeak erabiltzea egotzi dio PPri.
CiUk boto askatasuna eman die diputatuei. Hala, Lourdes Ciuro CDCko diputatua erreformaren kontra agertu da, abortuaren eztabaida ez duelako "serio" hartzen. Bestalde, Concepcio Tarruella UDCkoak balekotzat jo du PPren proposamena, gizarteak hala eskatzen duela iritzita.
Carlos Martinez Gorriaran UPyDkoak "lotsagarri"tzat jo du erreforma, adingabe eta nerabeak hauteskunde kanpainarako erabiltzen dituelakoan, eta abortuaren "sakoneko" eztabaidari muzin egitea leporatu die popularrei.
EAJtik, Joseba Agirretxea diputatuak esan du ez dela beharrezkoa legea aldatzea, ez dielako adingabeei segurtasun juridikorik edo osasun arlokorik ematen. Gainera, proiektua "koldarra" dela eta egungo araua "makillatzea" besterik ez dela uste du, PPko kideak ere ez dituelako gustura uzten.
Joan Tarda ERCkoak emakumearen sexu eta erreprodukzio eskubideen kontra egitea egotzi dio PPri, eta Onintza Enbeita Amaiurrekoak uste du erreformarekin adingabeak Londresera joango dira abortatzera, edo legez kanpoko abortuak egingo dituztela.
Emakumeen erabakitzeko eskubidea aldarrikatu dute feministek
50 bat emakumek elkarretaratzea egin dute Diputatuen Kongresuaren aurrean, “Emakumeek erabakitzen dugu” lelopean, abortuaren legearen aurka protesta egiteko.
Madrileko Mugimendu Feministak deituta, “Abortua Zigor Kodetik at”, “Adingabeek erabakitzeko eskubidea behar dute” edo “Abortatzeko eskubidea guztientzat”, oihukatu dute manifestariek. “Abortatzeko eskubidea. Emakumeek erabakitzen dugu” pankarta bat zeramatzaten parte-hartzaileek.
Bi emakumek manifestu bat irakurri dute. Erreformak “emakumeen eskubideen aurka” egiten duela ohartarazi dute; izan ere, “askatasuna, autonomia eta osasuna” urratzen ditu. “Gurasoen baimenik gabe urtero ehun emakumek soilik abortatzen dute”, ziurtatu dutenez.