Gizartea -

Italia

15 etorkin atxilotu dituzte, 12 kristau uretara bota eta hiltzeagatik

Italiako agintariek ohar bidez adierazi dutenez, atxilotuak Boli Kostakoak, Malikoak eta Senegalgoak dira, eta gorroto erlijiosoak bultzatuta hainbat lagun hil izana egotzi diete.

Italiako kostaldera etorkin asko heldu dira azken egunetan. Argazkia: EFE
Etorkinak EFE
12 etorkin kristau itsasora botatzeagatik, 15 etorkin atxilotu dituzte

00:39

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Italiako Poliziak hamabost etorkin atxilotu ditu, ustez ontzi berean zihoazen hamabi kide itsasora bota eta hiltzeagatik. Hainbat lekukok adierazi dutenez, kristauak izateagatik bota zituzten itsasora.

Italiako agintariek ohar bidez adierazi dutenez, atxilotuak Boli Kostakoak, Malikoak eta Senegalgoak dira, eta gorroto erlijiosoak bultzatuta hainbat lagun hil izana egotzi diete.

Ontzi berean zihoazen hainbat bidaideren adierazpenetan oinarritu dute akusazioa. Italiako Itsas Armadak erreskatatu ditu etorkinak itsasoan, eta Palermoko portura eraman dituzte.

Hilketa horren lekuko izan ziren etorkinek adierazi dutenez, apirilaren 14an atera ziren Libiako kostaldetik, Italiarako bidean. 105 lagun zihoazen ontzian, eta, bidean, Nigeriako eta Ghanako etorkinei mehatxu ugari egin zizkieten Boli Kostako, Senegalgo, Maliko eta Ginea Bissauko bidaideek. Uretara botako zituztela eta hil egingo zituztela esan zieten.

“Horiek kristauak eta erasotzaileak musulmanak izatea izan omen zen mehatxu egiteko arrazoia”, adierazi du Poliziak.

Mehatxuak bete egin zituzten azkenean, antza, eta musulmanek uretara bota zituzten kristauak. Hamabi etorkin erreskatatu ahal izan zituzten bizirik Italiako Armadako kideek. Poliziak ikerketa abiatu du gertatutakoa argitzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albiste garrantzitsuak Albisteak migrazioa gaur Eguneko albisteak Eguneko albisteak Italiako berriak Zer gertatzen ari da Mediterraneoan?