Gizartea -

'Oso toxikoa'

Droga berri eta arriskutsu bat atzeman dute Bizkaian

Ertzaintzaren laborategietan PMMA drogaren lehenengo laginak aztertu dituzte. Droga berri horrek zenbait hildako eragin ditu dagoeneko Europan eta 'estasia' balitz bezala saltzen dute.

PMMA droga Supermanen sinboloarekin azaldu ohi da. Irudia: Segurtasun Saila
PMMA droga Supermanen sinboloarekin azaldu ohi da. Irudia: Segurtasun Saila
PMMA droga Supermanen sinboloarekin azaldu ohi da. Irudia: Segurtasun Saila

I.G. | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzako Polizia Zientifikoaren laborategietan PMMA droga berri eta arriskutsua atzeman dute. Santurtziko Udaltzaingoak konfiskatu zituen pilulak eta Ertzaintzak baieztatu du azkenaldian Europan zenbait heriotza eragin dituen droga berria dela.

Segurtasun Sailak ohar baten bidez jakinarazi duenez, Ertzaintzak droga sintetiko horren kontsumitzaileak ohartarazi nahi ditu, "oso toxikoa" delako eta "heriotza eragin" lezakeelako. Gainera, "estasia" balitz bezala aurkezten dute, pilula itxurarekin, eta Supermanen 'S' sinboloarekin.

Euskadin agertutako PMMA drogaren aurreneko laginak Santurtzin atzeman zituen Udaltzaingoak, aurreko martxoan.

PMMA pilula itxurarekin saldu eta zabaltzen dute, aipatutako sinboloarekin bi aldeetan ageri dela, arrosa edo laranja eta hiruki formarekin.

Kontsumitzaile gehienek 'estasia' edo MDMA zelakoan hartu zuten. Halere, PMMAren osagaiek gai are toxikoagoa egiten dute. Era berean, anfetaminarekin nahastuta ere ageri da, eta horrek "toxikoagoa" egiten du.

Ertzaintzak -oharraren arabera- ez zuen aurretik horren kasako inolako pilularik topatu EAEn, baina jakinean zegoen, Europoletik jasotako informazioari esker, Europako bestelako herrialdetan atzeman delako.

Segurtasun Sailak jakinaren gainean jarri du Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Santurtzi argazkiak Bizkaiko albisteak Drogak gaur