Gizartea -
Gasteiz
Urte erdiko zigorra, Osakidetzan euskara agiri faltsuak aurkezteagatik
Gizonari agiriak faltsutzea egotzi diote eta, gainera, 1.080 euro ordaindu beharko ditu.
Agentziak | Erredakzioa
Gasteizko Epaitegi batek sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio gizonezko bati euskara agiriak faltsutzeagatik. Zigortuak Osakidetzako egoitza nagusian aurkeztu zituen faltsututako tituluak.
Hiriburu arabarreko Zigor Arloko 2. zenbakiko Auzitegiak epaitu du auzia, agiriak faltsutzea egotzi dio eta, gainera, 1.080 euro ordaindu beharko ditu zigortuak.
Epaitegiak probatutzat jo du 2012ko irailaren 10ean gizonezkoak euskara agiriak aurkeztu zituela Osakidetzaren erregistro nagusian. Horretarako, 1 eta 2 mailako agiriak eraman zituen, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariak sinatuta.
Bi dokumentuak "akusatuak edo beste pertsona batek, berak eskatuta, egin zituen" eta, epaiaren arabera, Osakidetzak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari eskatu zion agirien ofizialtasuna baieztatzea eta 2013ko martxoan baieztatu zuten gizonak ez zuela sekula euskara gaitasun agiririk jaso.
Hala, Fiskaltzak eta akusazio partikularrak, Osakidetzaren ordez, bi urteko kartzela-zigorra eskatu zuten, baina, azkenik, akordioa lortu dute aldeek eta hori da epaiak jaso duena. Horren arabera, bi urteko kartzela zigorra bertan behera utzi dute, baldintzapean, gizonak tarte horretan delituren bat eginez gero indarrean sartuko da zigorra