Gizartea -
Gaur eta bihar
Turismo Gastronomikoaren Munduko I. Foroa hartuko du Basque Culinaryk
Hazten ari den fenomenoaren erronkak eta egoera aztertu eta gogoeta egin nahi du Foroak turismo gastronomikoaren aditu ospetsuenekin batera.
Agentziak | Erredakzioa
Donostiako Basque Culinary Centerrek Turismo Gastronomikoaren Munduko I. Foroa hartuko du gaur eta bihar. Munduko 20 bat aditu bilduko dira “hazten ari den fenomenoaren” erronkak aztertzeko.
Basque Culinary Centerrek eta Turismoaren Munduko Erakundeak biltzarra antolatu dute. Joxe Mari Aizega Mondragon Unibertsitateko Gastronomia Fakultatearen zuzendariak eta Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Aldundiaren eta Donostiako Udalaren ordezkariek kongresua aurkeztu zuten iragan astean.
Hazten ari den fenomenoaren erronkak eta egoera aztertu eta gogoeta egin nahi du Foroak turismo gastronomikoaren aditu ospetsuenekin batera. Biltzarra aitzindaria izango da; izan ere, munduko lehenengoa izango da.
Sektorearen garapen profesionala bultzatu, esperientziak trukatu eta praktika egokiak identifikatzeko helburua du Foroak.
Besteak beste, Erik Wolf World Food Travel Associationeko zuzendariak, Pedro Subijana sukaldari donostiarrak, Jorge Vallejo Quintonil Mexikoko jatetxearen sukaldariak eta Mitsuharu Tsumura Limako (Peru) Maido jatetxearen sukaldariak Foroan parte hartuko dute.