Gizartea -
LOMCE
Euskadik eta beste lau erkidegok planto egin diote Wert ministroari
LOMCEk aurreikusitako errebalidak kentzea eskatu diote Hezkuntza ministroari.
AGENTZIAK | | ERREDAKZIOA
Euskadik, Kataluniak, Andaluziak, Asturiasek eta Kanariar uharteek, hots, hezkuntza komunitatearen erdia ordezkatzen duten autonomiek, planto egin diote gaur Jose Ignacio Wert Espainiako Gobernuko Hezkuntza ministroari, joan egin batira LOMCEk aurreikusitako errebalidak azaltzeko erkidegoetako ordezkariekin egindako bileratik.
Aldez aurretik, bost lurraldeetako ordezkariek, tartean Arantza Aurrekoetxea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordeak, prentsaurrekoa eskaini dute, eta LOMCEtik errebalidak kentzea eskatu diote Wert ministroari. Izan ere, ziklo bakoitzaren amaieran egin beharko liratekeen azterka horiek "uniformatzaileak, baztertzailea eta zentralizatzailea" dela argudiatuta. Bestalde, bekak jasotzeko errenta muga igotzea ere eskatu diote Hezkuntza ministroari.
"LOMCE Legeak irakasleria mespretxatu du eta autonomia erkidegoen eskuduntzak urratu ditu. Horren aurrean ez gara ikusle hutsak izatera mugatuko", agertu dute ordezkariek Jose Miguel Perez Kanariar Uharteetako Hezkuntza kontseilariak irakurritako agiri batean.
Datorren ikasturteari begira, DBH eta Batxilergoan egin beharreko errebalidez eta indarrean izango den beka sistemaz hitz egiteko bilera deitu zuen Wertek gaurko.
Bi gai polemiko
Hain justu, bi proposamen horiek berrikusteko eskaera egin diote ordezkari autonomikoek Hezkuntza ministroari. Wertek ez ditu eskaerak aintzat hartu eta, horrenbestez, bileratik joan dira bost lagunak.
Euren ustez, beken sistemak "kalte larria" egiten die ikasleei eta familiei eta kalte hori larriagoa izango litzateke, erkidegoek euren baliabideekin "leundu" ez balute.
Errebalidak hizpide, "zentzugabekeria da inora ez daraman bidean urratsak ematea", esan dute. Errebalidak "baztertzaileak eta uniformatzaileak" dira, erkidegoen papera "ikusle hutsa izatera mugatzen dute".
Prentsaurrekoan, bost ordezkariek deitoratu egin dute atzo Bartzelonako institutu batean gertatutakoa (13 urteko mutil batek irakasle bat hil zuen), eta Joan Mateo Kataluniako Hezkuntza sailburuordeak eskertu egin ditu elkartasun mezuak.
Wert: “Begirune falta da”
Werten ahotan, Andaluzia, Asturias, Kanariar Uharteak, Katalunia eta Euskadiko Hezkuntza arduradunen erabakia “begirune falta da, ez bakarrik Ministerioarekiko eta Gobernuarekiko, erkidego autonomoen gehiengoarekiko baizik”.
Etapa bakoitzaren amaierako kanpo frogak hezkuntza sistemari “gardentasuna” emateko tresna bat direla defendatu du Hezkuntza ministroak, “kontuak emateko eta aldi bakoitzeko xedeak bete dituztela bermatzeko”.
DBH eta Batxilergorako test formatuak jaso dituen kritiken aurrean, azterketak “testekin guztiz bateragarriak” direla esan du Wertek.
EH Bildu: “Eusko Jaurlaritza hipokresiarekin jokatzen ari da"
Bestalde, Lomceren aurrean Eusko Jaurlaritza “hipokresiarekin” jokatzen ari dela salatu du EH Bilduk. Hezkuntza ministroari “planto egin” dio, baina hezkuntza erreforma aplikatzen ari da EAEn, koalizio abertzaleak kritikatu duenez.
Belen Arrondo EH Bilduko legebiltzarkidearen hitzetan, sektoreko eragileek Lomce ez aplikatzeko eskatu dute behin eta berriro, “euskal hezkuntza sistemarentzako oso kaltegarria delako”. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuari norabide horretan lan egiteko eskatuko dio koalizio abertzaleak; izan ere, “orain arte eskolako eragileei bizkarra eman die”.