Gizartea -
Epaiketa, Bilbon
Fiskaltzak ez dio basakeria egotzi Juan Carlos Aguilarri
Akusazioek 40 eta 45 urte arteko espetxe zigorra eskatu dute Maureen Ada Otuyaren eta Jenny Sofia Rebolloren hiltzailearentzat.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Fiskaltzak azpikeriaz bi hilketa egin izana egotzi dio Juan Carlos Aguilarri, Maureen Ada Otuya eta Jenny Sofia Rebolloren hiltzaileari, baina ez dio egotzi krimenak basakeriaz egin izana.
Horrenbestez, Ministerio Publikoak 40 urteko espetxe zigorra eskatu du horrentzat, Bizkaiko Lurralde Auzitegian egiten ari diren epaiketan.
Gaurko saioan, aldeek behin betiko akusazio eta defentsa eskaerak aurkeztu dituzte.
Biktimen defentsek eta herri akusazioak (Clara Campoamor elkartea) hilketak basakeriaz eta azpikeriaz egin izana egotzi diote auzipetuari, eta, ondorioz, zigor eskaera handiagoa aurkeztu dute: 45 urteko espetxe zigorra.
Defentsak onartu egin du bi hilketen ardura izatea, baina ez basakeriaz egin izana, eta uste berekoa da Fiskaltza. Epaimahaiak larrigarri hori ezarriko balio, zigorra handiagoa izango litzateke eta Aguilarrek zailtasun handiagoak izango lituzke espetxe onurak izateko.
Aldeek euren eskariak aurkeztu baino lehen, Aguilarren gimnasioan atzemandako argazki eta bideoak erakutsi dituzte. Lokal horretan atxiki, torturatu eta hil zituen Maureen Ada Otuya eta Jenny Sofia Rebollo akusatuak. Kutsu sexual esplizitua dute, eta irudi horietan hainbat emakume ikus daitezke, konorte barik. Gainera, batean, emakumezko baten aurkako eraso bortitz bat ere ikus daiteke.
Gaurko saioa hasi baino lehen, Bilboko Koordinadora Feministak elkarretaratzea egin du Justizia Jauregiaren aurrean, "Ada, Yenny, gogoan zaituztegu; indarkeria matxistari gogor erantzun" idatzita zuen pankarta bat eskuetan.