Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Jaurlaritzako Biktimen Zerbitzuak 1.767 emakume artatu zituen 2014an
Eusko Jaurlaritzako Biktimen Zerbitzuak 3.405 pertsona artatu zituen iaz, horietatik % 84,80 emakumeak ziren, eta horien artean % 51,89k genero indarkeria delituekin zerikusia zuten.
Agentziak | Erredakzioa
Emakumeen kontrako indarkeria delituengatik 1.767 emakume artatu zituen Eusko Jaurlaritzako Biktimen Zerbitzuak iaz, horietatik 1.478k tratu txarrak jasan zituzten.
Josu Erkoreka Justizia sailburuak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarreko batzordean datuak jakitera emateko eta indarkeria matxistaren aurkako protokoloa azaltzeko.
Biktimak Artatzeko Zerbitzua 1991ean martxan jarri zuten. Doako zerbitzua dela gogorarazi du Erkorekak. Delituen biktimak artatzen ditu zerbitzuak, baina batez ere emakumeek erabiltzen dute.
Eusko Jaurlaritzako Biktimen Zerbitzuak 3.405 pertsona artatu zituen iaz, horietatik % 84,80 emakumeak ziren, eta horien artean % 51,89k genero indarkeria delituekin zerikusia zuten (1.757 emakume). Bitartean, kasuen % 15,8 familiaren barruko indarkeria izan ziren.
Tratu txarrak delitu motarik ohikoena izan zen, 1.487 kasu (% 83,64), ondoren ,baina oso urruti mehatxuak edo bortxak (94 kasu eta % 5,3) eta lesioak (55 kasu, % 3,1). Bederatzi hilketa saiakera (% 0,5) eta bederatzi hilketa artatu zituen zerbitzuak.
Kartzela-telefonoa
Erasotzaileak espetxean sartu, kartzelatik aldatu edo atera dituztela jakinarazteko telefonoz 981 biktimarekin harremanetan jarri zen zerbitzua iaz, Erkorekak gaineratu duenez.
Erasotzailearen egoeraren berri izateko aukera ematen die telefonoak biktimei, kasuan kasu babes neurri egokiak hartzeko.
Gakoa
Sailburuak azaldu duenez, Justizia Sailak erasotzaileak birgizarteratzeko Gakoa programa du. Iaz 249 pertsona artatu zituen. Gakoa programa 2005ean martxan jarri zuten eta orduz geroztik 1.052 gizon artatu ditu.