Politika -
Protestak egin dituzte
Bizkartzainek birkokatzea eskatuko diote Espainiako Gobernuari
ETAren indarkeria amaitu arren, gizartean badela euren beharra diote, eta indarkeria matxistaren mehatxupean bizi diren emakumeengan jarri dute arreta.
I.G. | EITB.EUS
ETAk atentatuak egiten zituen garaian birkartzain pribatu lanak egin zituzten profesionalek elkarretaratzeak egingo dituzte gaur PPk Gasteizen eta Bilbon dituen egoitzen aurrean. Beste lan batzuk ematea eskatzen dute, Espainiako Gobernuak hori agindu ziela argudiatuz.
ETAk indarkeria utziko zuela iragarri zuenetik “ahaztuta eta baztertuta” sentitzen direla salatzen dute Hego Euskal Herrian bizkartzain pribatu izan zirenek.
Horregatik, "Euskadiko eta Nafarroako Itzal Ahaztuak" bizkartzainen elkartea sortu dute, helburu argi batekin: Espainiako Gobernuari bere garaian egin zuen promesak betetzeko eskatzea: alegia, ETA amaitu osteko garaian beste zeregin batzuetan birkoka ditzatela nahi dute.
Gaur eta bihar protesta bilkurak egingo dituzte: 10:00etan, PPk Bilbon duen egoitzaren aurrean elkartu dira, eta 12:30ean, berriz, Gasteizen egingo dute protesta. Arratsaldean, Mirandan eta Burgosen egingo dituzte bilkurak, eta bihar, 07:00etan, Madrilen egongo dira.
Protesta hauen bidez, euren egoerari irtenbidea ematea eskatzen dute. ETAk su-etena iragarri aurretik Hego Euskal Herrian eskolta lanetan aritu ziren 100 bat lagunek osatzen dute elkarte hori.
Orain arte “zain” egon direla diote, baina, horien ustez, iritsi da euren ahotsa eta aldarrikapenak entzunarazteko garaia.
ETAk su-etena iragarri ostean Hego Euskal Herrian eskolta pribatu modura lanean ari ziren 3.500 lagunetako ia gehienak lanik gabe geratu ziren. Haiek egindako lana eskertu eta beste zeregin batzuetan jarriko zituztela agindu zien orduan Espainiako Gobernuak, baina emandako hitza ez dutela bete ikusita, euren aldarrikapenak kalera ateratzea erabaki dute.
ETAren indarkeria amaituta egon arren, gizartean badela euren beharra diote, eta indarkeria matxistaren mehatxupean bizi diren emakumeengan jarri dute arreta. Horien iritzian, asko dira babes beharrean dauden emakumeak, eta eginkizun hori eurei ematea nahi dute.
Aldarrikapen hori babesteko, sinadura bilketa egingo dute estatu osoan.