Gizartea -
'Oleg Naydenov' ontzia
400 kilo fuel-olio erretiratu dituzte Kanarietan
Halaber, Gobernuak jakinarazi duenez, Kanaria Handietan hondoratutako ontziaren isuriaren fuela ez da Tenerifera ezta Gomerara iritsi. Orban nagusia hondoratzearen lekutik 370 kilometro ingurura dago.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Joan den apirilaren 14ean Kanaria Handietako hegoaldean, kostaldetik 24 kilometrora, hondoratutako "Oleg Naydenov" ontzi errusiarraren isuriaren fuela jasotzen ari da Gobernuak abian jarritako operatibo bat. Orain arte, 400 kilo fuel-olio jaso ditu.
Julio Gomez Pomar Sustapenerako Estatu-idazkariak nabarmendu duenez, Kanarietan hondoratutako ontziaren isuriaren fuela ez da Tenerifera ezta Gomerara iritsi. Halaber, orban nagusia hondoratzearen lekutik 370 kilometro ingurura dagoela esan du, Javier Gonzalez Kanarietako Gobernuaren Ekonomia, Ogasun eta Segurtasun kontseilariarekin batera eskainitako prentsaurrekoan.
Hala ere, Gomez Pomarrek aitortu duenez, kilometro karratu baino gutxiagoko "orban txikia dago" Kanarietako hego-mendebaldean, eta % 2-5 inguruko fuela du, baina kostaldera iritsi ez dadin, orban hori zaintzen ari direla jakinarazi du. Bestalde, hondoratutako ontzitik fuela ateratzen ari dela aitortu du.
Balizko hondarrak Tenerifen eta Gomeran
Gomez Pomarrek azaldu duenez, itsas-haizeen eta itsas-korronteen ondorioz, "zaintza berezia" ezarri dute Kanaria Handiaren eta Teneriferen arteko kanalean. Litekeena da hondarraren bat irla hauetara heltzea, baina bertan dauden itsas- eta aire-baliabideek ez dituzte isuririk antzeman.
Hondoratutako ontzia 2.700 metrora dago, eta hortik fuela ateratzen da oraindik ere, 10 litro ordu bakoitzeko, Sustapen Ministerioak Otech enpresa norvegiarrari erositako itsaspeko robotaren arabera. Gainera, robot horrek ontziaren hiru pitzadura zigilatuko ditu, fuela hortik irteteko arriskua baitago.
Lan horiek datozen egunetan abiaraziko dituzte, eta "oso konplikatuak" dira, ontzia sakonera handira dagoelako. Horretarako langileak eta materialak prest izatean hasiko dira lanean, Gomezek adierazi duenez, eta ondoren ontziaren barnean geratzen den fuela aterako dute.
Greenpeace exige más medios tras sobrevolar la zona del hundimiento
Bitarteko gehiago jartzea eskatu du Greenpeacek
Fuel olio isuriari aurre egiteko bitarteko gehiago jartzea eskatu du Greenpeace erakundeak, Oleg Naydenov arrantzontzi errusiarra hondoratu zen gunea airetik ikusi ostean.
Erakunde ekologistak ohar bidez jakinarazi duenez, 4 eta 5 kilometro arteko tamaina duen orban trinkoa hegoalderantz mugitzen ari da, eta arrantzontziak erregaia askatzen jarraitzen du.
Luis Ferreirim Greenpeaceko bozeramailearen esanetan, "ezinbestekoa" da bitarteko gehiago jartzea orban hori garbitzeko eta arrantzontziaren deposituan dagoen erregaia ateratzeko.
"Isuria gelditu eta erregai guztia ateratzen ez bada, denbora kontua izango da itsas korronteen eraginez isuria kostaldera heltzea eta kaltea handiagoa izatea", ohartarazi du.