Gizartea -
Homosexualitatea
Europak babestu egin du homosexualei odola ematea debekatzea
"Hainbat kasutan", debeku hori ezartzea "justifikatuta" egon daitekeela ebatzi du EBko Justiziak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Europar Batasuneko (EB) Justizia Auzitegiak babestu egin du gizon homosexualek odola ematea debekatuta izatea. Izan ere, "hainbat kasutan", debeku hori "justifikatuta" egon daitekeela esan du. EBko hainbat estatu kidetan dago indarrean debekua, Frantzian, kasu.
Epaiaren arabera, bazterketa hori ezartzeko, lehenik eta behin gizonezko horiek gaixotasun kutsakor larriak izateko arriskua duten "egiaztatu" beharra dago.
Estrasburgoko (Frantzia) auzitegi batek igorri du auzia EBko Justizia Auzitegira. Herri horretan, gizon batek auzitara jo zuen, homosexuala izateagatik odola ematea debekatu ziotelako. Hori dela eta, bereizketa hori egitea europar araudiarekin bateragarria ote den galdetu zion Frantziako auzitegiak Europar Batasunekoari.
Gaur ezagutu da epaia, eta, horretan, lehenik eta behin gizon homosexualek odolaren bitartez transmititu daitekeen gaixotasun kutsakor larririk izateko arriskurik duten egiaztatu behar dela ebatzi du EBko Justizia Auzitegiak.
Nolanahi ere, auzitegiak aitortu duenez, "gerta liteke" homosexualei odola ematea debekatzea neurri proportzionala ez izatea, herrialdeek gaixotasun kutsakorrak atzemateko teknikak izan ditzaketelako.
Horregatik, debekua ezarri aurretik, halako teknikarik ote duten egiaztatzea eskatu die Europako justiziak.