Gizartea -
Barakaldon
Gazte bat atxilotu dute beste gazte bati sabelean sastatzeagatik
Gazte bati sabelean hiru sastada ematea leporatu diote 22 urteko atxilotuari. Biktima Gurutzetako ospitalera eraman dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ertzaintzak 22 urteko gazte bat atxilotu du goizalde honetan Barakaldon (Bizkaia), liskar batean beste gazte bati sabelean hiru aldiz sastatzeagatik. Biktima Gurutzetako ospitalera eraman dute.
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gertaera 01:00ak aldera jazo da, Barakaldoko Galtzada kaleko lonja batean. Atxilotua lonjara sartu da, eta errieta izan du gainerako gazteekin. Ondorioz, bertatik alde egiteko eskatu diote.
Behin kanpoan, gazteen arteko beste borroka bat jazo da, eta atxilotuak labana atera du, eta gazte bati eraso egin dio. Biktima Gurutzetako ospitalera eraman dute, sabelean hiru sastada zituela.
Geroago, ustezko erasotzailea Gurutzetako ospitalearen inguruan zebilela jakinarazi du Ertzaintzak, dirudienez, buruan hainbat zauri egin dizkiotelako.
Agenteek gaztea atxilotu dute, eta ustez erasoan erabilitako arma atzeman diote, 12 zentrimetroko xafla duen labana, hain zuzen ere.