Gizartea -
Aurrekontua hazi da
Jaurlaritzak doako justizia jasotzeko aukera emango die 19.000 laguni
Eusko Jaurlaritzak 14,5 milioi euro zuzenduko ditu abokatuen eta prokuradoren ekintzak ordaintzeko, baliabide ekonomikoak ez dituzten herritarrek laguntza juridikoa izan dezaten.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzak doako justizia eskuratzeko aukera emango die kalteberatasun bereziko egoeran dauden 19.000 laguni. Horretarako, Jaurlaritzak 14,5 milioi euro inbertituko ditu 2015ean. 2014 urtearen aldean, aurten, % 5,3 hazi da horretara bideratutako kopurua.
Eusko Jaurlaritzak dagoeneko onartu du lehenengo gastua: 10.897.745 euro, hain zuzen ere. Euskadiko abokatuen eta prokuradoreen elkargo profesionalei hasi zaie jada ordaintzen.
Gauzak horrela, aurten ere, Jaurlaritzak finantzatuko ditu hiru lurralde historikoetako abokatuen eta prokuradoreen elkargo profesionalek ofizioko zein guardiako ondoko zerbitzu hauetan gauzatutako jarduera guztiak.
Doako justizia eskuratu ahal izango dute honako egoera batean dauden herritarrak: baliabide ekonomikorik ez dutenak eta doako justiziarako eskubidea duten inputatu, atxilotu edo espetxeratu guztiak; eta, bestetik, babes berezia behar duten kolektibokoak, hau da, genero-indarkeria, sexu-erasoak, etxe barruko indarkeria, terrorismoaren biktimak, adingabeak, atzerritartasuna, eta tratu txar edo abusuaren biktima izan diren ezgaitu psikikoak.
Gainera, Orientazio Juridikoko Zerbitzuen (OJZ) funtzionamendu-gastuak ere finantzatuko dituzte. Zerbitzu horiek Euskadiko Justizia Jauregietan eta espetxeetan eskaintzen dira, prozesu judizialaren aurretik doako aholkularitza eta orientazioa emateko.
19.000 ekintza inguru
Administrazio Publikorako eta Justizia Sailak jakinarazi duenez, Jaurlaritzak doako laguntza juridikoa finantzatuko dio 18.960 pertsonari. Horietatik, 4.200 indarkeria matxista jasan duten emakumeak dira. Abokatuen elkargoek arreta emateko 8 profesional titular dituzte txanda berezi horretan, eta beste 7 behar izanez gero zerbitzua indartzeko: 4 titular Bizkaian, eta beste 3 zerbitzua indartzeko; 3 titular Gipuzkoan, eta beste 2 zerbitzua indartzeko; eta azkenik, titular bat Araban, eta beste 2 zerbitzua indartzeko.
Gainera, Zaballa-Langraiz Okako, Martuteneko eta Basauriko espetxeetan 5.000 lege-laguntza egingo dira. Hala, Arabako Abokatuen elkarteak egunero bi ordu ematen ditu Zaballa-Langraiz Okako espetxean, Gipuzkoako Abokatuen Elkargoko kideak Martuteneko espetxera joaten dira astearte eta ostiraletan, eta Bizkaiko abokatuen elkarteak, bi ordu ematen dituzte egunero Basauriko espetxean dauden presoei arreta ematen.