Gizartea -
Maiatzaren 10ean
Herri Urrats, euskaltzaleen topagunea urtero legez
Ziburuko ikastola berria eraikitzeko bilduko dute dirua aurten. Betagarri, Willis Drummond eta Glaukoma musika-taldeak, besteak beste, izango dira Senpere lakuan giroa berotzen.
EITB.EUS
Urtero bezala, milaka euskaltzalek bat egingo dute gaur Herri Urratsekin, Senpere lakuan, Iparraldeko ikastolen jaiaren 32. edizioa ospatzeko asmoz.
"@xik ikastol@" izango da aurtengo leloa, eta ekitaldiz betetako eguna izango da, xede izanik Ziburuko ikastola berria eraiki ahal izateko dirua biltzea. Horretarako, lur eremua erosi eta gero ikastola eraiki behar dutela iragarri dute antolatzaileek.
Bestalde, euskararekiko konpromisoa agertzeko, Iparraldeko eta Hegoaldeko erakundeen ordezkari politiko ugari izango dira Senperen.
Musikaz blai
Aldarrikapenaz gain, musikari tartea ere eskainiko dio Herri Urratsek. Agertokietan hainbat musika-talde izango dira: Aire Ahizpak, Aguxtin Alkhat, Betagarri, Joxe Replay, Glaukoma, Willis Drumond (Niko Etxartekin batera, aurtengo abestiaren egilea, hain zuzen ere).
Gainera, Torii taldea eta Nahia Zubeldiak eta Manu Mathhysek osatutako elektro-folk bikotea ere arituko dira Herri Urratsen.
Halaber, haurrentzat ere zuzendutako jarduerak prestatu dituzte.