Gizartea -
Nafarroa
Euskarazko eskola publikoa aldarrikatu dute Sortzenen urteroko jaian
Nafarroako Euskal Eskola Publikoaren urteroko festa egiten ari dira Sarrigurenen, 'Izpi berriez, eskola berria' lelopean. Herriko eraikina txiki gelditu zaie eta azpiegiturak hobetzeko deia egin dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Milaka lagun parte hartzen ari dira, "Izpi berriez, eskola berria" lelopean, ospatzen ari diren Nafarroako eskola publikoaren aldeko jaian. Urteroko festa Sarrigurenera eraman du Sortzen elkarteak bertan dituzten beharrak azaleratzeko.
Euskarazko eskola publikoa aldarrikatzeko, urtero, ikasleen gurasoen elkarteek antolatzen duten jaiaren garrantzia nabarmendu du Garikoitz Torregrosa Sortzen elkarteko Nafarroako koordinatzaileak.
Sortzen elkartearen jaia Sarrigurenen egitearen arrazoia azaldu du Torregrosak. Haren esanetan, bi urte daramatzate eskola berria behar dutela aldarrikatuz. "Ikasturte honetan 1.200 ikasle dituzte -nahiz eta 674 ikasle hartzeko prestatua dagoen- eta datorren ikasturtean 10 lerro egongo dira, ondorioz, hezkuntza zentroaren masifikazioa handitu egingo da".
Horrenbestez, "ikasleek beren gaitasunak garatzeko nahikoa espazio izango duen" kalitatezko eskola aldarrikatu du Sortzenek Sarrigurenentzat.
Sarriguren eremu mistoan dago, alegia, gaztelania da hizkuntza ofiziala, eta euskarazko hezkuntza jendearen eskaeraren menpe dago.
Dena den, gaurko jaia tokiko arazoez haratago doa. Sortzen elkartearen helburua eskola publikoaren eredu berria lortzea da: euskaltzalea, autonomoa, doakoa eta Espainiako Gobernuaren esku hartzerik gabea.