Gizartea -
Eguneko lerroburuak
LHko azterketak eta aberats eta txiroen arteko aldea, titularretan
Ostiralari ekin baino lehen ezagutu beharreko bost albisteak.
eitb.eus
LOMCE: LHko 3. mailako azterketa egiten hasi dira
Euskal Autonomia Erkidegoko 30 ikastetxetan Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleei ebaluazio azterketa egiten hasi da asteon Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, Cristina Uriarte sailburuak baieztatu duenez. Espainiako Gobernuak Hezkuntzan egindako erreformak (Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoa, LOMCE gaztelaniazko siglen bidez ezagunagoa) ezarritako errebaliden ordezko azterketa gisa egingo du proba Jaurlaritzak EAEko 30 eskolatan. Azterketok guraso elkarteen eta hezkuntza alorreko sindikatuen haserrea eragin dute. Biek ala biek "inposaketatzat" jo dituzte ebaluazioak, eta "planto" egiteko deia egin dute. Egunotan, elkarretaratzeak deitu dituzte ikastetxe batzuetako atarietan.
Inoizko alderik handiena aberats eta txiroen artean
Aberats eta txiroen arteko ezberdintasunak inoizko handienak dira Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko (ELGE) herrialdeetan, ostegun honetan kaleratu duten txosten baten arabera. Aldea txikitzeko, enpleguaren egonkortasunik ezarekin eta generoarekin lotutako ezberdintasunak desagerrarazteko, lan egitea aholkatu du erakunde horrek.
Vicrilaren lantegi berria Leioan: 100 lanpostu sortuko ditu
Vicrila Taldeak 14 milioi euro inbertituko ditu Leioako lantegian platerak eta ontziteria egiteko ekoizpen lerro berria martxan jartzeko. Gainera, 50 lanpostu zuzen eta zeharka beste hainbeste sortuko dira. Hasiera batean ekoizpena Marokora eramatea aurreikusi zuten, baina azkenean Leioako lantegiaren aldeko hautua egin dute. Leioako lantegian edalontziak eta kopak ekoizten dituzte orain, eta epe laburrean platerak eta ontziteria egiten hasiko dira.
Erresuma Batuko Poliziak soldata konfiskatu ahalko die dokumentaziorik gabeko etorkinei
Legez kanpoko immigrazioa kontrolatzeko neurri berriak iragarri ditu David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak. Besteak beste, legez kanpoko langileen soldata konfiskatu ahalko dute, eta paperik gabeko langileen kontuak ikuskatu ahalko dituzte.
Sherpa Next, Samsungen
Sherpa enpresarekin akordioa itxi du Samsung konpainiak, Sherpa Next aplikazioa bere gailuetan instalatzeko. Hala, aurrerantzean Samsung Galaxy S6 eta Galaxy S6 edge gailuek aurrez instalatuta izango dute Xabier Uribe-Etxebarria ekintzaile bizkaitarrak sortutako aplikazioa.